Ekonomia -

Ikerketa

Lan eskaintza publikoaren probak ikertzeko espediente bat zabaldu du Osakidetzak

Espezialitate medikoen azterketetan “irregulartasunak” eta “iluntasuna” salatu dituzte ELAk eta LABek. Sindikatu horien adierazpen “oportunistak” kritikatu ditu Osakidetzak.

Osakidetzaren lan eskaintza publikoa. Artxiboko argazkia: EiTB
Osakidetzaren lan eskaintza publikoa. Artxiboko argazkia: EiTB
Oposaketetan irregulartasunak izan diren susmoa dute sindikatuek

1:44

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angiologia eta hodietako kirurgia medikuen kategorian, lan eskaintza publikoko proben emaitzak ikertzeko espedientea ireki du Osakidetzako Zuzendaritzak, epaimahaiko kide batek prozesuaren emaitzak zalantzan jarri ondoren.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak agiri bat bidali die komunikabideei, “epaimahaiko kide batek prozesuko emaitzak idatziz zalantzan jarri dituelako”.

Gainera, lehentxeago espezialitate medikoen azterketetan “irregulartasunak” eta “iluntasuna” salatu dituzte ELA eta LAB sindikatuek.

ELAren hitzetan, kategoria batzuetan “zailtasun maila handiko proba bat planteatu da, eta oposiziogileen % 10 baino gutxiagok gainditu dute”. “Oposiziogile ugariren” kexak jaso dituztela erantsi dute sindikatuek, prozesuan “berdintasunik” izan ez dela uste dutelako.

 

ELA: "Zailtasun maila handiko proba bat planteatu da, eta oposiziogileen % 10 baino gutxiagok gainditu dute"

 

LABen ahotan, “azterketetako edukiaren filtrazioak gertatu direla azaltzen dute salaketek”.

Osasun Sailak azaldu duenez, probaren emaitzak zalantzan jarri dituen idatzia epaimahaiari igorri diote. Gaur bertan bilera egin du kexa eta “egindako bi proben egokitasuna” aztertzeko.

“Indarrean dagoen araudiko prozedurak zehatz-mehatz jarraitu dituela berretsi du epaimahaiak, osatu zenetik gaurdaino”, azpimarratu du Osasun Sailak.

Bestalde, ELA eta LAB sindikatuen adierazpen “oportunistak” kritikatu ditu Osakidetzak. Horrela, zenbait kategoria profesionaletan eskainitako 3.335 lanpostuen prozesuan sindikatu horiek parte hartu ez izana deitoratu du erakundeak.

“Epaimahaiak independenteak eta burujabeak dira, eta errespetua merezi duten Osakidetzako profesionalek osatzen dute”, argi utzi du Osasun Sailak. Lan eskaintzan publikoan parte hartzen ari diren “96.000 pertsona baino gehiagok” ere errespetua merezi dutela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Ekonomia ELA LAB Lana Albisteak Osasun albisteak Lan Eskaintzak Medikuak Erizaintza