Ekonomia -
Hezkuntza
Haurreskolen negoziazio mahaian akordioa adostu dute LABek eta Eusko Jaurlaritzak
Sindikatuak eta Hezkuntza Sailak adostutako edukien artean, besteak beste, lehen eguneko ordezkapenak eta araudia, eta administrazio eta zerbitzuetako beharginen lan eskaintza publikoa daude.
Agentziak | Erredakzioa
Haurreskolak Partzuergoko negoziazio mahaian akordioa lortu dute gaur LABek eta Eusko Jaurlaritzak. Sindikatu abertzaleak ordezkaritza sindikalaren gehiengoa du Partzuergoan (% 62).
EAEko Exekutiboak agiri batean jakitera eman duenez, bileran sindikatuaren proposamenak aztertu dituzte, ondoren LABekin akordioa sinatu dute, “eduki guztia bermatuz”.
LABek eta Hezkuntza Sailak adostutako edukien artean, besteak beste, lehen eguneko ordezkapenak eta araudia, administrazio eta zerbitzuetako beharginen lan eskaintza publikoa, haurreskola guztietan familientzako 8 orduko zerbitzua eta irakasleak ordezkatzeko zerrenden merituak daude.
Haurreskoletako adostasuna LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta Hezkuntza Sailak sukalde eta garbiketako mahaian akordioa sinatu eta ordu batzuk geroago etorri da.
Bestalde, “LAB eta CCOO sindikatuek Hezkuntza Bereziko Negoziazio Mahaian balorazio positiboa egin” eta “Steilasek proposamenaren edukiak langileei azaltzeko asmoa azaldu ondoren”, beste bilera bat aurreikusi du Jaurlaritzak.
“Akordioak lortzeko tresna nagusiak negoziazio mahaiak” direla berretsi du Hezkuntza Sailak. “Negoziazio mahaian jarrera bat defendatu eta hezkuntza zentroen funtzionamendu normala errespetatzea bateragarria da”, erantsi du Exekutiboak.