Ekonomia -

Manifestazioa

Milaka pentsiodun atera dira kalera pentsio duinak eskatzeko

Besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta pentsioak KPIaren arabera gaurkotzea eskatu dute manifestariek.

Manifestariek udaletxearen aurreko plaza eta zubia hartu dituzte. Argazkia: EiTB
Pentsio duinak eskatzeko manifestazio jendetsua Bilbon

1:15

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona atera dira kalera Bilbon, Donostian eta Gasteizen, pentsio duinen eta pentsio sistema publikoaren defentsan eta pentsioak KPIaren arabera eguneratzea eskatzeko.

Manifestariek pentsio duinak eskatu dituzte, hots, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta pentsioak KPIaren arabera gaurkotzea. Ildo horretan, Espainiako Gobernuak pentsioei % 0,25eko igoera aplikatu izana salatu dute.

Bilbon, hiriburuko udaletxearen aurrean elkartu dira Bizkaiko jubilatu, alargun eta pentsiodunen elkarteek deituta, eta Espainiako Gobernuak Bilbon duen Ordezkaritzaren aurrean amaitu dute.

Manifestazio jendetsu honen ondorioz, protestak iraun duen bitartean zirkulazio arazoak izan dira Bilbo erdigunean. Antolatzaileen esanetan, mobilizazio "historikoa" izan da, baina protestekin jarraitu beharra dagoela ohartarazi dute: "Hau ez da gaur amaitzen". Beren pentsioak eta beren seme-alabenak defendatzera atera direla nabarmendu dute.

Protestaren amaieran, manifestu bat irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, eta pentsiodunei adarra jotzen dietela salatu dute. Horien esanetan, pentsioak % 0,25 igotzea "irrigarria" da eta egoera hori 2022ra arte errepikatuko da. Bertan salatu dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 170.000 pertsona baino gehiago 700 euro baino gutxiagorekin bizi dira hilean. Hori dela eta, pentsioak KPIaren arabera gaurkotzea aldarrikatu dute erosahalmena ez galtzeko.

Bestalde, Donostian, Gipuzkoa osotik joandako 5.000 pertsona inguru elkartu dira, pentsio duinak eskatzeko. Gipuzkoako pentsiodunen elkarteak deitutako mobilizazio horretan, Fatima Bañez Lan ministroari zuzendutako gutuna utzi dute Espainiako Gobernuak Donostian duen Ordezkaritzan. Halaber, aurrerantzean borrokan jarraitzeko asmoa agertu dute.

Iruñean, ehunka erretirodunek bildu dira arratsaldean protestan, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren aurrean, pentsio duinak eskatzeko. Pentsio sistema publikoa defendatzeko Nafarroako Plataformak deitu du manifestazioa.

Elkarretaratzean, Alderdi Popularraren eta Mariano Rajoyren aurkako oihuak entzun dira, eta manifestariak PPren egoitzara joan dira ondoren.

"Gure armak batasuna eta mobilizazioa dira, eta batez ere pentsioak suntsitu dituzten arduradunak botoekin zigortzea; hau da, Alderdi Popularraren Gobernua", azpimarratu du plataformak.

BIDEOA | Gasteizko manifestazioa:

 

Milaka pentsiodun gasteiztarrak kalera irten dira pentsio duinak eskatzeko
Milaka pentsiodun gasteiztarrak kalera irten dira pentsio duinak eskatzeko
Milaka pentsiodun gasteiztarrak kalera irten dira pentsio duinak eskatzeko

0:58

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea Manifestazioak Pentsioak