Ekonomia -
Abiadura handiko trena
Gasteiz eta Burgos lotuko dituen AHTren tarteak bidaiariak bakarrik garraiatuko ditu
Eusko Jaurlaritzak trafiko mistoa izatea nahi zuen, hau da, merkantziak zein bidaiariak garraiatzea, “'Euskal Y'-ri funtzionaltasun berdinekin jarraipena emateko”.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren proposamena aztertu ondoren, Sustapen Ministerioak “zailtasun teknikoak” aurkitu ditu Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Gasteiz-Burgos tartea mistoa izateko (merkantziak zein bidaiariak garraiatzea). Horregatik, trenbide konbentzionala nazioarteko neurrietara egokitzea proposatu du gaur Iñigo de la Serna ministroak.
EAEko Exekutiboak Gasteiz-Burgos AHT tartea trafiko mistokoa izatea nahi zuen, “'Euskal Y'-ri funtzionaltasun eta ezaugarri berdinekin jarraipena emateko”.
AHTk Gasteiz eta Burgos ordu erdian lotuko ditu, eta Madril 2 ordu eta 5 minututan, 350 kilometro orduko abiadura harrapatuko duten trenei esker.
Burgoseko eta Arabako hiriburuak lotzeko proiektua aurkeztu du gaur De la Sernak Burgosen.
Egitasmoaren kostua 1.185 eta 2.000 milioi euro artekoa izango da, zenbait tartetan aukeratzen diren alternatiben arabera. Hala ere, “aldez aurretik erabili direnak baino kopuru askoz txikiagoak dira”, azpimarratu du Gasteizko Udalak.
Tarte honetako lanak ‘Euskal Y’ren amaierarekin batera bukatzen “saiatuko” direla ziurtatu du ministroak aurkezpenean. Horrela, lanak 2023an amaitzea espero dute.
Burgos-Gasteiz abiadura handiko proiektua urtarrilaren 10etik aurrera aztertuko dute, De la Sernak egitasmoa Gasteizen aurkeztu eta egun bat geroago.
Merkantziak, zabalera mistoan
Honenbestez, merkantzien garraioa hirugarren trenbide batetik egingo dute Burgosetik Gasteizera, egungo ibilbidea errespetatuz, baina hobekuntzak beharrezkoak izango dira.
Egungo trenbideak zerbitzua emango duela ziurtatu du De la Sernak, baina iberiar zabaleratik mistora igarotzea beharrezkoa izango da nazioarteko garraioarentzako. Irtenbidea “etorkizunean” aztertuko dutela aurreratu du ministroak, Gaztela eta Leongo Gobernuarekin eta Jaurlaritzarekin hitz egin ondoren.
Espainiako Gobernua Jaurlaritzarekin urtarrilaren 9an bilduko da, ministroak Gasteizen Arabako hiriburua eta Burgos lotzeko proiektuaren berri emango duen egunean bertan, Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako Saileko iturriek azaldu dutenez.
Arabako Errioxa
‘Euskal Y’ eta Logroño arteko lotura ere oraindik erabaki gabe dago. Ministroak lau aukera daudela zehaztu du, horietako bik Arabako Errioxa zeharkatzen dute, baina EAEko erakundeak eta zonaldeko upategiak aurka agertu dira. Tarte horren inguruan erabaki bat hartzeko oraindik denbora asko geratzen dela gogorarazi du De la Sernak.
Zentzu horretan, proiektuak ingurumenean izango duen eragina zehaztuko azterketa erabakigarria izango dela uste du ministroak; izan ere, aukeraren batek mahastiei kalte egin diezaieke eta txostenak hori kontuan hartuko du.