Ekonomia -
Haurreskolak Partzuergoa
Hezkuntza sailak LEPa proposatu du Haurreskolak Partzuergoaren administrazioan
Eusko jaurlaritzako Hezkuntza saila eta Haurreskolak Partzuergoko langileen ordezkari sindikalak gaur goizean bildu dira Eibarren.
Agentziak | Erredakzioa
Haurreskolak Partzuergoko administrazio eta kudeaketa alorreko langileentzat Lan Eskaintza Publikoa (LEP) proposatu die Eusko jaurlaritzako Hezkuntza sailak ordezkari sindikalei. Eskaintza onartuz gero, lanpostuen zerrenda moldatuko litzateke 2018an.
Eusko jaurlaritzak ohar batean jakinarazi duenez, eskaintza langileen "lan baldintzak hobetzeko" beharrezkoa dela jakinarazi die Hezkuntza sailak ordezkari sindikalei gaur goizean Eibarren (Gipuzkoa) izandako bilkuran.
Horrez gain, "partzuergoko langileak lehen egunetik, edozein kasutan, ordezkatzea" proposatu du Jaurlaritzak. Halaber, haurreskola guztiek zortzi orduko zerbitzua eskaintzea eskatu dute, "bai Eusko jaurlaritzak bai partzuergoak lurralde osoan berdintasuna lortzeko duten konpromisoarekin" bat egiteko.
Neurri horiek guztiak "Haurreskolak Partzuergoak gizarteari eta euskal familiei eskaintzen dien zerbitzua hobetzeaz gain, langileen lan baldintzetan aurrera egiteko" hartu dituela azaldu du Hezkuntza sailak.
Batzarra amaitu ostean, urtarrilean bilera gehiago egitea erabaki dute, "aurrera egin eta neurriak zehazten" joateko.