Ekonomia -
Hiruhileko txostena
Jaurlaritzak % 2,5era igo du 2018rako aurreikusitako BPGren hazkundea
Ogasun eta Ekonomia Sailak egindako txostenaren arabera, enplegu garbia sortzen jarraituko da (2018an, 15.600 lanpostu).
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak % 2,5era igo du 2018rako aurreikusitako Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundea, aurrez ezarritakoa baino hamarren bat gehiago.
Pedro Azpiazu buru duen Ogasun eta Ekonomia Sailak 2017ko azken hiruhilekoari dagokion "EAEko ekonomiaren hiruhilabetekaria" argitaratu du gaur. Txostenean, 2018rako egindako aurreikuspenak hobeto ditu, eta bere horretan utzi 2017koak ( % 2,9).
2018ko hasiera bukaera baino hobea izango da, aurreikuspenon arabera. Hala, lehen hiruhilekoan % 2,9 haziko da ekonomia; % 2,5ekoa, bigarrenean; eta % 2,2, hirugarrenean.
Enpleguari dagokionez, enplegu garbia sortzen jarraituko da 2018an ere (% 1,7, 15.600 lanpostu sortuta). 2017an % 2 hazkunde tasa izango du enpleguak (18.700 lanpostu).
Hainbat pertsona Lanbideren bulego batean, zain. Argazkia: EiTB
Egonkortasuna
Barne Produktu Gordinaren urte arteko aldakuntza % 3,0an kokatu da 2017ko hirugarren hiruhilekoan. Hortaz, egonkortze-bideari eutsi zaio bi urtez jarraian % 3,1 (2015 eta 2016) eta 2017an % 2,9 haziz, lehen hiru hiruhilekoen batez bestekoa kontuan hartuta.
Erritmoaren egonkortasun hori, oro har, Espainiako ekonomian emandakoaren antzekoa da (% 3,1 hirugarren hiruhilekoan), eta inguruko ekonomia nagusietan lortutako emaitza onez baliatu da, Europar Batasunak % 2,6ra arte hobetu baitu bere hazkundea.
Eskariari dagokionez, sendotasuna barne-merkatuak ematen jarraitzen du.
Alde batetik, esportazioek "nabarmen" areagotu dute hazkundea —% 3,7ko urte artekoa—, aurreko datuen oso gainetik; eta iradokitzen dute helburu merkatuetan egoerak hobera egin izana EAEko produktuak bultzatzen ari dela.
Bestetik, EAEko ekonomiaren berezko bizitasunak inportazioak % 3,9 igoarazi zituen. Barne-eskaria % 3,1 hazi da, hots, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gehiago.
Bestalde, kontsumo pribatua % 3,0 hazi da, eta jada hiru urte baino gehixeago daramatza tasa horren antzeko erritmoan edo pixka bat azkarrago hazten.
Kapital-eraketa gordina % 3,9 hazi da, ekipamendurako ondasunetan % 4,5 inbertituz. Bertan, moteltze arin bat antzeman daiteke.
Industria eta eraikuntza, hazten
Sektoreka, eraikuntzaren arloa % 3,0 hazi da, 2007aren pareko (krisialdia baino lehenagoko) hazkunde-erritmoan.
Era berean, industriak % 2,7ko urte arteko gehikuntza eskuratu du, bigarren hiruhilekoaren datua lau hamarrenetan gaindituta.
Zerbitzuek modu egonkorrean handitu dute euren balio erantsi gordina, % 3,1eko tasa lortuta. Merkataritza, ostalaritza eta garraioa egon dira buru, % 3,8ko hazkundearekin.
Ekonomiaren bilakaera onaren ondorioz, 2017ko hirugarren hiruhilekoan enpleguaren urte arteko hazkundea % 2,1ekoa izan da. Beraz, lanaldi osoko lanpostu baliokideen kopuruak 937.000 enpleguen langa gainditu du.
Azken 12 hilabeteetan 20.000 lanpostu garbi inguru sortu dira, horietatik 15.000 inguru zerbitzutan.