Ekonomia -
EAE-ko hezkuntza publikoa
Hezkuntza bereziko langileen % 75ek egin dute greba, sindikatuen arabera
Behin-behinekotasuna "% 58tik" % 6ra murrizteko 400 lanpostu baino gehiago finko bihurtzea eskatu dute ELAk, LABek eta Steilasek.
Agentziak | Erredakzioa
Hezkuntza bereziko sektoreko langileen % 75ek egin dute greba gaur , ELA, LAB eta Steilas sindikatuek emandako datuen arabera. Lanuztearekin sektorearen "egoera larria" konpontzeko presio egin nahi diote Jaurlaritzari, eta besteak beste, behin-behinekotasuna (% 58koa dela diote) murrizteko 400 lanpostu baino gehiago finko bihurtzea eskatu dute sindikatuok.
Kolektiboa mila beharginek baino gehiagok osatzen dute, eta fisioterapeutak, okupazio-terapeutak, gizarte-langileak, transkribatzaileak, keinu-hizkuntzako interpreteak eta hezkuntza-laguntzarako adituak sartzen dira hor. "Aspalditik" EAEko Administrazioaren aldetik "jasaten" ari diren "axolagabekeria" salatu dute. Lan-hitzarmena 2003tik eguneratu gabe dagoela kritikatu dute sindikatuetako hiru ordezkariek.
Hezkuntza Sailak, berriz, grebak % 55,2ko jarraipena izan duela esan du. Crisitna Uriartek zuzentzen duen Sailak greba egin duten eskolen % 56 arakatu du eta horietan 340 pertsonek (% 55,2) greba egin dutela jakinarazi du.
Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak artatzen dituzte hezkuntza bereziko langileek eskoletan. Horrela, zeinu-hizkuntzako interpreteek eta hezkuntza-laguntzarako adituek ikasgelen barruan lan egiten dute. Bien bitartean, fisioterapeutek saio teknikoak egiten dituzte noizean behin, eta transkribatzaileek eta okupazio-terapeutek ikasgeletako eta ikastetxeetako materiala egokitzen dute.
Ehunka langile Gasteizen bildu dira goizean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza giza kate batekin inguratzeko.
Lan-hitzarmena, 2003tik eguneratu gabe
Euren aldarrikapenak zeintzuk diren gogorarazi dute sindikatuek ohar batean."2003tik eguneratu gabe dagoen lan-hitzarmena" aipatu dute aurrena. Horrez gain, salatu dute Jaurlaritzak "gogortu egin dituela" azken urteetan beharrizan bereziak ezartzeko irizpideak, eta ondorioz, profesional gutxiago dago ikasle horiek artatzeko. Lan karga txikitzea ere eskatu dute, premia bereziak dituzten ume horiekin hobeto aritzeko.
Langile horien lan-astea zehaztu eta murriztea ere galdegin dute, baita aldi bateko kontratazioa ere.
Sindikatuen arabera, egiturazko 400 lanpostu baino gehiago Lanpostu Zerrendatik kanpo daude. Zerrenda hori errealitatera moldatzea eskatu dute, horrenbestez. Behin-behinekotasuna % 58koa dela salatu dute.
Hezitzaileon soldata % 12 murriztu dutela eta administrazioko maila bereko langileen soldatak baino baxuagoak direla kritikatu dute.
Azkenik, erretiroa hartzeko "baldintza okerragoak" eta baja hartzeak dakarren "zigorra" aipatu dituzte hobetu beharreko kontuen artean.