Ekonomia -

Enplegu ministerioaren datuak

Langabeziak gora egin du abuztuan EAEn, eta behera Nafarroan

Iazko abuztutik hona, 12.852 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian; 169.161 zenbatu dituzte guztira.

Abuztuan 12.000 enplegu galdu dira Euskadin

1:10

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko enplegu zerbitzu publikoek uztailean baino 2.338 langabe gehiago zenbatu dituzte abuztuan, 133.210 pertsona zenbatu baitituzte langabezian, % 1,79 gehiago. Nafarroan, aldiz, % 0,5 egin du behera langabeziak, 35.951 zenbatu baitituzte.

Gizarte Segurantza eta Enplegu Ministerioak gaur, astelehena, argitaratutako datuen arabera, 9.904 langabe gutxiago daude EAEn, 2016ko abuztuarekin alderatuta; hau da, urtebetean, % 6,92 jaitsi da, Espainian baino gutxiago (% 8,52).

Nafarroari dagokionez, 2.948 langabe gutxiago zenbatu dituzte aurtengo abuztuan, iazkoarekin alderatuta. Urtebetean, hortaz, % 7,58 jaitsi da Foru Erkidegoan.

Espainiako datuei begiratuta, aurreko hilabetean baino 46.400 langabe gehiago zenbatu dituzte abuztu bukaeran. 2011tik urtebetean izandako igoerarik handiena izan da aurtengoa, eta 3.382.324 langabe zenbatu dituzte guztira.

Afiliatuak Gizarte Segurantzan

Hego Euskal Herrian 11.959 afiliatu gutxiago izan dira abuztuan Hego Euskal Herrian, baina baloreak positiboak izan dira, urtetik urterako tartea kontuan hartuta.

EAEn, 919.073 afiliatu zenbatu dira abuztuan, hau da, uztailean baino 11.945 gutxiago (% 1,28).

2016ko abuztutik aurtengora, aldiz, Gizarte Segurantzak 17.475 afiliatu gehiago ditu EAEn, % 1,94 gehiago.

Nafarroan, 14 pertsona gutxiago daude Gizarte Segurantzan, % 0,01 gutxiago, hain zuzen. Guztira, 271.595 afiliatu daude Foru Erkidegoan, iazko abuztuan baino 7.583 gehiago. Bestera esanda, % 2,87 egin du gora afiliatu kopuruak han.

Urkullu: 'Ez da ezohikoa'

Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, "ez da ezohikoa" Lanbiden zenbatutako langabeen kopuruak gora egitea abuztuan, eta "joerari erreparatu behar diogu", erantsi du. Horren harian esan duenez, "gaur duela urtebete baino 10.000 langile gehiago ditugu; duela bi urte baino 22.000 gehiago eta duela hiru urte baino 36.000 gehiago".

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean lehendakariak azaldutakoaren arabera, langabeziak abuztuan izan duen gorakadak "ez dio inola ere % 10eko tasara heltzeko helburuari eragingo".

Urkulluk nabarmendu du ez dituela "inoiz arazoak" ezkutatu, eta hileko datuei begiratu beharrean joerei erreparatu behar zaiela azpimarratu du. "Ez da ezohikoa" abuztuan langabe gehiago egotea, "lanpostu hobea bilatu" edo lehen aldiz izena ematen dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Herrian Nafarroa gaur EAE albisteak Lana albisteak Gaurko azken ordukoa