Ekonomia -
Donostia
Turismo eredua defendatu dute EAEko erakundeetako eta sektoreko ordezkariek
Donostia masifikatuta dagoela ukatu dute, eta Ernairi abuztuaren 17ko manifestazioa bertan behera uzteko eskatu diote agerraldi bateratu batean.
Agentziak | Erredakzioa
Turismo ereduaren inguruko eztabaida pil-pilean dagoen honetan, Donostiako ereduaren defentsa bateratua irudikatu nahi izan dute gaur EAEko erakundeetako eta turismo sektoreko ordezkariek, eta gogor kritikatu dituzte Ernaik (Sorturen gazte mugimendua) eredu horren kontra deitutako protestak, "justifikaezinak eta arduragabeak" direla iritzita.
Agerraldi bateratua San Telmo museoan egin dute Ernesto Gasco Donostiako Turismo zinegotzi eta alkateordeak, Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak eta Harkaitz Millan Basquetourreko zuzendariak, Donostiako ostalaritza eta merkataritza sektoreko ordezkariak lagun zituztela.
Donostiako turismo ereduaren kontra abuztuaren 17rako deitu duten manifestazioa bertan behera uzteko eskatu dio Ernai erakundeari Millanek.
'Kalitatezko turismoa'
Gascok nabarmendu duenez, Gipuzkoako hiriburuak "bere-berea duen turismo ereduaren alde egin du. Kalitatea eta ospea dituen turismo bat da, nazioartean ere halaxe aitortzen baitute".
Gascoren hitzetan, hiriko bigarren ekonomia jarduera da turismoa, eta enpresa eta negozio turistikoen % 95 donostiarrak dira. Gainera, hiru enplegutik batek lotura du turismoarekin. Donostiako Sustapen Baltzuak egindako ikerketaren arabera, 2015ean 957 milioi euroko eragina izan zuen ekonomian.
Tentsio uneak
Agerraldia hasi aurretik, hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute San Telmo museoaren atarian, 'Turismoaren patronalak ez gaitu ordezkatzen' lelopean, eta tentsio uneak izan dira manifestarien eta Udaltzaingoaren artean.