Ekonomia -

Donostia

Apartamentu turistikoen ordenantza berria abuztuaren 29rako egongo da prest

Etxebizitza turistikoak erregulatzeko ordenantza 2018ko udan sartuko da indarrean. Etxebizitza atari bakoitzean apartamentu bat edo bi baimenduko dira bakarrik.

Etxebizitza turistikoen kontrako kartela, Donostian. Argazkia: EFE
Etxebizitza turistikoen kontrako kartela, Donostian. Argazkia: EFE
Donostiako Udalak neurri ezberdinak hartuko ditu hiru gunetan turismoan

1:39

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostian "orain gertatzen diren gaitz guztiak turismoari" leporatzen zaizkiola kritikatu du ostiral honetan Eneko Goia Donostiako alkateak, eta azken egunotan indarra hartzen ari diren turismo ereduari buruzko eztabaidetan "zorroztasuna" eskatu du, bere aburuz, "ideologia kutsu handiaz" eginak baitaude. Ildo horretatik, turismoak Gipuzkoako hiriburuan duen "arrakasta" nabarmendu du Goiak.

Bestalde, Ernai ezker abertzaleko gazte erakundeak beste turismo eredu baten alde abuztuaren 17rako deitutako manifestazioaren inguruan, zabaldu nahi duten "mezuarekin" ez datorrela bat esan du Donostiako alkateak. Dena dela, manifestazioa "errespetuz" egiten bada, "herritarrek protesta egiteko duten eskubidea errespetatu" beharra dagoela esan du Goiak. Zehazki, apartamentu turistikoak mugatzea eskatzen du Ernaik, gaur egungo ereduak "prekarietatea" handitzen baitu gazteen artean.

Alabaina, protesta hori "testuingurutik kanpo" atera dela kritikatu du Donostiako alkateak, zenbaitek beste ekintza batzuekin "lotu" dutelako (Katalunian eta Balearretan jazotako gertaeren berri emateko orduan erabilitako ikuspuntuari aipamen eginez).

Goiaren iritziz, Ernaik luzatutako deialdiak "indar gehiago hartu du" azken astean, baina manifestazioa ekainaren 22an deitu zutela gogorarazi du, Donostiako Boleuvardeko turismo informazio bulegoaren aurrean egindako ekitaldi batean.

Beste alde batetik, Donostiako kaleetan gaur egungo turismo ereduaren kontra agertutako pintaketa eta kartelen inguruan ziurtatu du udal langileek "primeran" egiten dutela haien lana, eta uda osoan zehar "gisa horretako mezuak" ezabatu dituztela azaldu du. Ildo horretatik, joan den astean Parte Zaharrean agertutako pintaketa bati aipamen egin dio. Bertan, "Tourist go home" (Turistak, joan etxera) irakur zitekeen, eta udal zerbitzuko langileek abisua jaso zutenean "berehala ezabatu" zutela esan du.

Etxebizitza turistikoen kontrako kartela, Donostian. Argazkia: EFE

Etxebizitza turistikoen kontrako kartela, Donostian. Argazkia: EFE

Turismora bideratutako etxeei dagokienez, Odon Elorzak Udal Gobernuaren "moteltasuna" salatu zuen atzo, baina Udala "urtebete inguru lanean daramala" nabarmendu du Goiak.

Ildo horretatik, turismoaren inguruan egindako txosten bat aipatu du. Donostiako alkatearen arabera, auzotarrek etxeak alokatzeko orduan apartamentu turistikoek nolako eragina duten aztertzen da "talde politiko guztiek" duten txosten horretan. Gauzak horrela, apartamentu turistikoak mugatzeko plana abuztuaren azken astean aurkeztuko duela jakinarazi du Goiak. Ordenantza berri horren bidez, turismora bideratutako etxeak "erregulatzen, orekatzen eta arautzen" ahaleginduko direla esan du.

Donostiako alkateak azaldu duenez, etxebizitza turistikoak erregulatzeko ordenantza hori "ia amaituta dago" jada, eta Donostiako Udalbatzak abuztuaren 29an onartuko du. Hala, ekainean aurkeztutako ‘turismoa zuzentzeko planari’ aipamen egin dio, bertan helburu nagusiak jaso zituztela esanez.

Ernesto Gasco Donostiako Turismo zinegotziak joan den ekainaren 12an iragarri zuen Udalak gaur egun indarrean dagoen ordenantza aldatuko zuela. Abuztuaren 29an onartuko duten arren, bederatzi hilabete gehiago beharko dituzte tramitatzeko, eta, ondorioz, 2018ko udan sartuko da indarrean. Hala, etxebizitza atari bakoitzean apartamentu bat edo bi baimenduko dira bakarrik.

Donostiako alkateak ostiral honetan berretsi duenez, etxebizitza turistikoen hazkundea "oreka erabiliz" arautuko du. Horretarako, hiria hiru gunetan bereziko du, eta bakoitzean neurri ezberdinak ezarriko ditu: Parte Zaharrari dagokionez, "saturatuta dagoen gunea" izango da, eta beste bi gunetan (Donostia erdigunean, Gros auzoan eta Frantzia pasealekuan batetik, eta gainontzekoetan bestetik), berriz, "neurri murriztaileak" hartuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Donostiako azken albisteak Eneko Goia albisteak Euskadi argazkiak EAE albisteak Gizartea bideoak Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea