Ekonomia -
Erosketa
CAFek RIFER enpresa italiarra erosi du
Muntatutako ardatzen eta bagoien mantentze-lanetan erreferentzia nagusia da Italian.
EITB.EUS
CAF Taldeak RIFER SRL muntatutako ardatzen eta bagoien mantentze-lanak egiten dituen enpresa italiarra erosi du, CAF Beasaingo tren-konpainiak ohar baten bidez iragarri duenez.
Konpainiaren esanetan, erosketa horri esker, muntatutako ardatzen mantentze-lanetako zerbitzuen negozioan duen kokapena indartuko du, eta lotutako beste zerbitzu batzuk eskaintzeko nahiz ordezkoen salmenta-bolumena (gurpilena bereziki) handitzeko aukera izango du.
RIFER enpresa Italian bagoiaren muntatutako ardatzen mantentze-lan zerbitzuak eskaintzen erreferentzia nagusia da, Milanen dago, Suitzako mugatik oso gertu, garraio intermodalen eta trenbideen nodo handi batean. CAFen iritziz, kokapen hori estrategikoa da, eta Erdialdeko Europako herrialde askotara zerbitzuak eta produktuak eskaintzeko aukera emango dio CAF MiiRAri.
Enpresa 60 pertsonatik gorako lantaldeak osatzen du, urtean 10 milioi euro inguruko fakturazioa du, eta hazkunde handia izan du azken urteetan.
"Operazio horri esker, CAF MiiRAk zerbitzuen portfolioa zabaldu eta indartu ahalko du; izan ere, Italiako eta Erdialdeko Europako merkatuan duen kokapenaz gain eta produktuaren horniketaz harago zerbitzu integralak eskaintzeko aukeraz gain, operazio honekin CAF Taldea nabarmen sartuko da nazioartean muntatutako ardatzen mantentze-lan zerbitzu integralak eskaintzeko negozioan", nabarmendu du.
Halaber, Cosmef WM enpresan gutxieneko partaidetza eskuratu du; RIFER SRLren talde bereko enpresa da, antzeko neurria du, eta bagoiaren mantentze-lan astuna egiten du.
Bestalde, Beasaingo tren-konpainiak aurreko astean jakinarazi zuen Newport hirian (Gales) kokatuko duela Erresuma Batuan irekiko duen lantegi berria. 300 langile izango ditu, eta 32 milioi libera (38 milioi euro inguru) inbertituko ditu bertan lantegia martxan jartzeko.