Ekonomia -
EITB FOCUS: INKESTA
Kontzertu Ekonomikoaren entzuera bai, baina ezagutza gutxi
Martxoan egindako EiTB Focus galdeketan, joan den astean argitara emandako gaiei buruz ez ezik, euskal burujabetzaren tresna nagusietakoari buruz ere galdetu zaie herritarrei.
EITB.EUS
Kontzertu Ekonomikoaren entzuera badute herritarrek, baina ia ez dute ezagutzen tresna horren edukia. EiTB Focus ikerketa soziologikoak 2017an egindako lehen galdeketaren emaitza nagusietako bat da. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko Ekonomia Itun edo Kontzertu Ekonomikoaz galdetu zaie aurtengo lehen inkesta honetan herritarrei.
Gizaker enpresak 1.200 elkarrizketaren bidez EiTBrentzat egindako ikerketa soziologikoaren arabera, EAEko herritarren % 75ek Kontzertu Ekonomikoaren aditzea eduki dute. Pertsona horiei Kontzertuaz zer dakiten galdetuta, baina, ia denek onartu dute ezer gutxi dakitela: 1etik 10erako ezagutza mailan, 4,89ko nota jarri diote euren buruari, batez beste.
Herritarren gehiengo zabala ados dago Euskadiren eta Espainiaren arteko Ekonomia Itunarekin, eta Espainiako eredu ekonomikoa baino hobea dela irizten diote herritarrek.
Kontzertu Ekonomikoa blindatzea beharrezkoa dela uste dute galdetutako 10 herritarretatik 7k, Espainiako Gobernuaren helegite gehiago egon ez dadin.
Zerga gehiago ordaintzeko prest legoke EAEko herritarren hirutik bat, horrek gizarte-ongizatea hobetuko balu.
Presio fiskalari dagokionez, Euskadiko herritarrek ez dute uste pribilegiorik dutenik. Espainiako herritarrek baino zerga gehiago ordaintzen dituztela diote.
Inkestan parte hartu dutenen % 66k adierazi dute Euskadiko egoera ekonomikoa Espainiakoaren aldean ona dela, industria gehiago eta langabezia gutxiago dagoelako.
Herritarren erdiak baino gehiagok (% 55) Euskadik hitzartuta duen itun ekonomikoa Espainiako sistema baino hobea dela uste dute; % 10en iritzian, sistema berdina da, eta % 2k Espainiakoa hobea dela adierazi dute. Hirutik batek ez du horren inguruko iritzia eman edo ez du ezagutzen.
Krisi ekonomikoari aurre egiteko, Kontzertu Ekonomikoa EAEko herritarren mesederako dela esan dute galdetutakoen % 40k. Aldiz, % 10en iritzian, krisi garaiotan kalterako da itun hori. % 17k, berriz, ez diote ez aldeko eta kontrako eraginik ikusten.
Fitxa teknikoa
2017ko martxoko EiTB Focus inkestan, Eusko Jaurlaritzako lehen 100 egunei eta boto-asmoari buruz eta balorazio politikoaz eta Kontzertu Ekonomikoaz galdetu zaie herritarrei. Kontzertu Ekonomikoari buruzko emaitzak gaur, martxoak 13, argitaratuko dira.
EiTBrentzat egindako ikerketarako, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 1.200 lagun galdekatu ditu Gizaker inkesta-etxeak (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan). Lagin osoaren akats-tartea 2,83koa da eta konfiantza maila, ostera, % 95ekoa.
Lagina zoriz hautatu dute, eta lurralde historikoa, udalerria eta generoa kontuan hartuta sortu dute. Inkesten % 22,3 euskaraz egin dituzte eta beste % 77,7ak gaztelaniaz. Emaitzak herrien tamainaren arabera haztatu dituzte.
Inkestak otsailaren 22a eta 24a bitartean egin zituzten. Elkarrizketek, batez beste, 8 minutu eta erdi iraun zuten. Luzeena 22 minutukoa izan zen, eta laburrena, berriz, 6 minutukoa.