Ekonomia -
2016ko datuak
Inoizko bidaiari kopuru handiena igaro da aurten Loiuko aireportutik
Bidaiarien joan-etorria % 7,2 eta % 7,3 artean hazi da, eta guztira 4,5 milioi bidaiari inguru pasatu dira Loiutik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Loiuko aireportuak inoizko emaitzarik onenak izan ditu 2016an, bidaiari kopuruari dagokionez. Bidaiarien joan-etorria % 7,2 eta % 7,3 artean hazi da, eta guztira 4,5 milioi bidaiari inguru pasatu dira Loiutik.
2016ko Loiuko aireportuko datuak aurkeztu dituzte gaur. Jon Gangoiti Bilbao Air Bilboko Aireportua Sustatzeko Elkarteko zuzendariak bidaiarien kopuruan izandako gorakada eta Loiutik nazioarteko aireportuetara dauden konexioak nabarmendu ditu. Halaber, Loiutik Madrilerako hegaldien garestitzea azpimarratu du.
Gaur egun Madril da helmuga nagusia eta urtean 668.000 bidaiarik egiten dute bi hirien arteko bidea. Iberia eta Air Europa hegazkin konpainiek soilik eskaintzen dituzte Bilbo eta Madril arteko hegaldiak, eta Gangoitiren hitzetan, "Bilboko aireportuaren arazo nagusia dira". "Prezioei erreparatuta duopolio sentsazioa dago", gaineratu du.
Bartzelonara doazen hegaldiei dagokienez, Norwegian eta Vueling hegazkin konpainien arteko lehiak bidaia txartelen merkatzea eragin du. "Egoera idilikoa bizi dugu, baina ez da ohikoa. Ez dakit zenbat denbora iraungo duen", adierazi du.
Gangoitik azpimarratu duenez, 2016a Loiu eta nazioarteko aireportuen arteko konexioen egonkortzearen urtea izan da. Egunean 18 hegaldi ateratzen dira Loiutik Europako hainbat hiritara: Paris, Frankfurt, Londres, Amsterdam edo Brusela.
Datorren urtean ere gorako bideari eustea eta ia 200.000 bidaiari gehiago (% 4) izatea espero du Gangoitik.