Ekonomia -
Lan Ministerioaren datuak
3.521 langabe gutxiago zenbatu dituzte urrian Hego Euskal Herrian
Langabezia Euskal Autonomia Erkidegoan jaitsi da gehien proportzioan urrian, % 2,04. Estatu espainiarrean, berriz, 44.685 pertsona gehiago daude lanik gabe.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
3.521 langabe gutxiago zenbatu dituzte urrian, Hego Euskal Herrian, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta, Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak gaur kaleratutako datuen arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), guztira 141.181 pertsona zenbatu dituzte langabezian urriaren amaieran, irailaren amaieran baino 2.935 gutxiago. Proportzioan EAEn jaitsi da gehien langabezia urrian, hain zuzen ere, % 2,04.
2015eko urriko datuekin alderatuta, 13.418 langabe gutxiago zenbatu dituzte urriaren amaieran; hots, EAEn langabeziak % 8,68 egin du behera urtebetean.
Nafarroan ere behera egin du langabeziak urrian, aurreko hilabetearekin alderatuta; izan ere, 586 pertsona gutxiago ( % 1,49) zenbatu dituzte lanik gabe.
Guztira, 38.696 pertsona zenbatu dituzte urriaren amaieran lanik gabe Foru Erkidegoan, aurreko urteko urrian baino 3.300 pertsona gutxiago (% 7,86).
Espainiako Estatuko datuei dagokienez, 44.685 langabe gehiago zenbatu dituzte urrian iraileko datuen alderatuta, guztira 3.764.982 pertsona baitaude langabeen zerrendan izena emanda. Hori, baina, 2007tik urrian izan den igoerarik txikiena da. Azken urtebetean 411.387 pertsonak aurkitu dute lana.