Ekonomia -
Arrasate
Edesako enpresa batzordeak ez du onartu Garagarzako lan erregulazioa
Langileen ordezkariek azaldu dutenez, ez dute aldi baterako lan erregulaziorako plan horren aurkezpena onartu, “bere baitan ez baitu inolako irtenbiderik proposatzen”.
Agentziak | Erredakzioa
Edesa Industrialeko Enpresa Batzordeak ez du onartu Fagor CNA Group enpresak Garagarzako (Arrasate) lantegian ezarri nahi duen aldi baterako lan erregulaziorako plana. Enpresako zuzendaritzak horren aplikazio minimoa proposatzen du, izan ere, azaroan bakarrik aplikatuko litzateke eta era partzialean.
Ostiral honetan, Edesa Industrialeko Enpresa Batzordeak lehenengo bilera izan du zuzendaritzak aurkeztutako aldi baterako lan erregulaziorako planaren inguruan hitz egiteko. Neurri horrek soilik Garagarzako lantegian jarduten duten 200 langileei eragingo lieke. Besteak beste, garbitzaileak ekoizten dituzte bertan.
Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, langileen ordezkariek ez dute aldi baterako lan erregulaziorako plan horren aurkezpena onartzen, “bere baitan ez baitu inolako irtenbiderik proposatzen”, eta “enpresaren etorkizunaren inguruko kezka sortzen duen urrats berria delako”.
“Ez dugu inolako zalantzarik CNA Fagor proiektua bideragarria izan daitekeela. Zuzendaritzaren aldetik falta dena argitasun gehiago da, gardentasun gehiago, konpromiso gehiago, seriotasun gehiago”, gaineratu dute.
Fagor CNAk joan den astean iragarri zuenez, linea zuriko produktu berriak ekoizten hasiko dira Edesa Industrialeko lantegietan. Arrazoi horregatik, enpresaren gaitasun produktiboa egokitzeko beharra azpimarratu zuen.
Ildo horretatik, Garagarzako lantegiaren ekoizpena behin-behinean eten egingo duela iragarri zuen Fagor CNAk. Hala ere, Eskoriatzan, Basaurin eta Geyserren, ohikotasunez lanean jarraituko dutela azpimarratu zuen.