Ekonomia -
Baimenen tramitazioa
Gasteizen gasa lortzeko asmoaz ohartarazi du 'Fracking Ez' plataformak
Plataformak jakitera eman du Shesa baimenen tramitazioan ari dela Gasteizen gasa ateratzeko, baina fracking teknika erabili gabe.
Agentziak | Erredakzioa
'Fracking Ez' plataformak ohartarazi du Shesa Eusko Jaurlaritzako Hidrokarburoen Sozietatea baimenen tramitazioan ari dela Gasteizko putzu batean gasa ateratzeko, baina ez haustura idraulikoaren teknika erabilita.
Plataformak argitu duenez, Armentia-2 putzuan da, Subillatik gertu. Hain zuzen ere, toki horretan ''saiatu da Shesa frackingari ekiten azken urteotan'', plataformak adierazi duenez.
Hala ere, argitu du oraingoan sozietateak aurkeztutako txostenak zera jasotzen duela: ''putzu arrunta'' dela eta bertan ez dela fracking teknikarik erabiliko.
Plataformak dioenez, bost urteotako borrokarekin lortu da teknika hau Euskadin ez bideratzea, baina, azken proiektu horren tramitazioarekin Shesak ''plan berriak aurkezten ditu eta bertan fracking hitzaren desagerpena da berrikuntzarik handiena''.
'Fracking ez' ekimenak gogoratu du orain 20 urte zulatu zutela putzu hori, ohiko teknikak baliatuta, eta ez zuela arrakastarik izan. Beraz, ''ez da sinesgarria'' orain teknika horiek beraiek emaitzarik ematea.