Ekonomia -

Tranbiak

CAFek 200 milioi dolarretik gorako kontratua lortu du AEBetan

AEBeko Maryland estatuan 26 tranbia arin egiteko kontratua sinatu du euskal konpainiak.

Tranbia berriaren argazkia. CAF.
Tranbia berriaren argazkia. CAF.
Tranbia berriaren argazkia. CAF.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CAF enpresa aukeratu dute LRV motako bost moduludun 26 tranbia arin egiteko Purple Line linearako, Amerikako Estatu Batuetako (AEB) Maryland estatuan. Kontratuak ordezko piezen, lanabes berezien eta entsegu ekipoen hornidura hartzen du barne, CAF USA Inc filialaren bitartez, eta balioa 200 milioi dolarretik gorakoa da.

Halaber, kontratuak trenbide sistema arinaren operazioa eta mantentzea 30 urtez kudeatuko duen elkarteko %20ko partaidetza hartzen du bere baitan. Kontzesioaren hasiera 2022ko udaberrirako aurreikusi da.

Euskal konpainiak prentsa-oharrean jakinarazi duenez, lankidetza publiko-pribatuko proiektuak Purple linearen diseinua, eraikuntza, ustiapena eta mantentzea hartzen du barne osoko 5.600 miloi dolarreko balioarekin, 2.000 miloi dolarreko eraikuntza proiektua barne, hau da, AEBn historian izan den lankidetza publiko-pribatuko garraio publikoko egitasmorik handienetarikoa.

CAF Maryland

Purple Line metro arineko linea Montgomery Konderriko Bethesda hiritik Prince George Konderriko New Carrollton hirira arte hedatzen da. Konexio zuzena ahalbidetzen du Washingtongo Metroko linea gorri, berde eta laranjarekin, eta Marc eta Amtrak aldirietako lineekin, hala nola autobus zerbitzu lokalekin ere.

AUSTRALIA

AEBn lortutako kontratu berri horri, Transport for New South Wales (TfNSW) erakundearekin lortutako hitzarmena gehitu zaio; horren arabera, sei tranbia hornituko dira Australiako Newcastle hirian eraikiko den eta 2018an entregatzea aurreikusita dagoen sare berrian zerbitzua emateko.

Egitasmo hau, lehendik CAFek burututako beste proiektu baten ondoren dator, zeinaren arabera, 12 tranbia hornituko baitira alboko Sydney hirirako. Unitate hauek zerbitzu komertzialean dabiltza egun.

Modu honetan, AEBetan eta Australian lorturiko bi kontratu berri hauek CAF konpainiaren eskabide zorroa ia 200 milioi eurotan gehituko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Ameriketako Estatu Batuak EAE albisteak Lana albisteak CAF bideoak Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Beasain Industria gaur Albisteak