Ekonomia -
Sestaoko ACB
ELA-LAB: Arcelorren plana onartzea 'beldurraren tranpan erortzea da'
ELA eta LAB sindikatuek "borrokan" jarraitzearen beharra azpimarratu dute, Arcelorren egitasmoa bozkatzea "beldurraren tranpan erortzea" baita.
agentziak | erredakzioa
Bihar, Sestaoko ACBko langileek Arcelorren egitasmoa bozkatzen badute "beldurraren tranpan eroriko" liratekeela uste dute ELA eta LAB sindikatuek. Izan ere, Zuzendaritzaren egitasmoak ez du "inolako bermerik ematen, diskriminatzailea eta enplegu suntsitzailea da, eta Ezkerraldeko desindustrializazioan sakontzen du". Hori dela eta, sindikatuok ez dute "borroka bertan behera uzteko arrazoirik ikusten".
ELAk eta LABek prentsaurrekoa eman dute, gaur, Sestaoko liburutegian, enpresa-batzordeko zenbait delegaturekin batera, bihar, Arcelorreko Zuzendaritzak bere egitasmoa bozkatzeko egindako deialdiari buruz hitz egiteko. Enpresaren azken egitasmoak hilean 12.000 tona ekoiztea eta langile kopurua erdira murriztea aurreikusten du.
Sindikatuen arabera, "egitasmo horrek ez du inolako bermerik ematen"; are gehiago, ACBren "desindustrializaziorako hasiera" izango dela uste dute.
ELA eta LABek, langileekiko eta beren familiekiko enpresak duen jarrera "erabat xantaiagilea" salatu dute.
Era berean, egitasmoari "baietz" esatera derrigortzea "onargarria ez dela" esan dute, "enpresak berak aitortu duelako ez duela egitasmoaren inguruan beharrezko informazioa guztia eman”.
Hori dela eta, astearteko bozketa enpresari "jokoa egitea" dela adierazi dute, eta borrokan ez jarraitzeko arrazoirik ez dagoela azpimarratu dute. Sindikatuen arabera, egitasmoa bozkatzea "enpresaren interesak legitimotzat ematea eta borroka bertan behera uztea da".