Ekonomia -
ArcelorMittal, Sestaon
Etorkizun bermerik gabe Jaurlaritzak ez dio ekarpenik egingo Arcelorri
Eusko Jaurlaritzak ez dio Sestaoko ArcelorMittali "inolako bitartekorik emango" baldin eta etorkizunerako bermerik ez badago.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ez dio Sestaoko ArcelorMittali "inolako bitartekorik emango" baldin eta epe luzera, "gutxienez datozen 20 urteetan, enplegu eta produkzio bermerik ez badago", osterantzean, Jaurlaritza "lantegia epeka ixteko laguntzen jardungo litzatekeela" iragarri du Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak, Gobernu Kontseiluaren ostean.
Tapiak prentsaurrekoa eman du ArcelorMittalen egitasmo berriaren inguruan Eusko Jaurlaritzaren iritzia emateko. Izan ere, gaur bertan aztertu behar zuten langileek enpresaren egitasmo berria.
Tapiaren esanetan egitasmo hori "ez da aintzat hartzekoa ere" lau orri baino ez dituelako: testuinguruaren inguruko bi, "eskakizun ekonomikoi" buruzko beste bat, eta egitasmoa dagoen moduan ez onartzekotan aukera bakarra itxiera dela azaltzen duen laugarren bat.
"PowerPointen aurkeztutako lau orrialdeei buruzko egitasmoaren inguruan iritzia ematea ez da serioa", esan du Tapiak, eta ildo horretan, ArcelorMittali eskatu dio "ganorazko negozio egitasmoa" aurkezteko. Plan horretan enpresak jasoko beharko lituzke inbertsioak, epe ertain eta luzeko asmoak eta, batez ere, "gutxienez 2020. urtera arte" enplegua eta produkzioa bermatzeko asmoa duela, Tapiaren esanetan.
Baldintza horiek ematen badira, Eusko Jaurlaritza lantegiaren eraginkortasun energetikoan laguntzeko prest dagoela esan du Sailburuak, besteak beste, produktu berrien garapenerako langileen prestakuntzan, ikerketa, garapena eta berrikuntzan (I+G+I) eta enpresaren kudeaketaren hobekuntzan lagunduz. Alabaina, "epe luzerako bermerik ez badago", Jaurlaritzak "ez dio inolako baliabiderik emango".
EZ DAGO EGITASMOAREN ALDAKETARIK
Bestalde, Sestaoko ACB lantegia berriro zabaltzeko ArecelorMittalek langileei eta Eusko Jaurlaritzari helarazitako egitasmoan aldaketarik egitea ez dagoela esan du gaur Arcelorreko zuzendaritzak. Halaber, langileen erabakiaren zain daudela eta hori ezagutu bezain pronto Eusko Jaurlaritzari bilera egiteko eskatuko diotela gaineratu du enpresak.