Ekonomia -
Altzairugintza
ACB Sestaoko batzordeak beste egitasmo bat proposatu du
Zuzendaritzak proposamenari uko eginez gero, EAEko ArcelorMittalen lantegien "interes estrategiko eta soziala" babesteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
agentziak | erredakzioa
Sestaoko (Bizkaia) ACBko langile batzordeak lantegiaren jarduerari eusteko proposamen berri bat aurkeztu du. Hilabetean 70.000-80.000 tona ekoiztea aurreikusten du egitasmoak, eta energiaren kontsumoa murriztea eta txatarrari eraginkortasun handiagoa ateratzea.
Era berean, Espainiako Gobernuari elektrizitatearen egungo tarifak aldatzeko eskaria egitea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta ArcelorMittalek proposamen berria onartzen ez badu, EAEko ArcelorMittalen lantegien "interes estrategiko eta soziala" babesteko eskatu dio Jaurlaritzari, horiek desjabetu eta horien kudeaketa bere gain har dezan, beste inbertitzaile batzuen esku utzi arte.
Proposamena gaur egingo dute publiko, ArcelorMittalek egitasmo industrialari (hilean bi asteburuz lan eginda 10.000 tona ekoitzi eta soldata % 15 murriztu) eusten diola ikusi ostean, batzordeak negoziazio mahaitik altxatzea erabaki eta biharamunean.
Batzordeak proposatzen duen egitasmoak kalitate altuko balio erantsiaren proportzioari eustea proposatzen du (% 45), 2020rako proportzioa % 100era igotzeko urratsak aurreikusita.
Gainera, energiaren kontsumoaren kostua murriztu eta txatarrari eraginkortasun handiagoa ateratzeko proiektuak sustatzearen alde egin dute.
Inbertsioak, hezkuntza eta I+G+B bultzatzeko babesa ere eskatzen diete gobernuei.