Ekonomia -
Australia
CAFek Canberrako tranbiarako trenak egingo ditu
Euskal enpresak Australiako hiribururako 14 tren egingo ditu eta mantentze lanak ere bere gain hartuko ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cimic (ACS) eta CAF enpresek Canberra Australiako hiriburuko tranbiaren lehen tartea eraikitzeko eta 20 urtez ustiatzeko kontratua sinatu dute, bi konpainiek jakitera eman dutenez. Irailean kontsortzio bati esleitu zioten proiektua, eta horren partaide dira, besteak beste, ACS eta CAF. Lehenbiziko kalkuluen arabera, proiektuak 386 milioi euro inguruko kostua izango du.
Aurretik ere Australian lan egin du Beasaingo enpresak; izan ere, Sydneyko tranbiarako trenak egin zituen duela urte batzuk.
Canberrako tranbiari dagokionez, 12 kilometroko luzera izango du, eta Australiako hiriburuko erdigunea eta Gungahlin barrutia lotuko ditu. Kontratuaren arabera, 13 geltoki egin, sistema guztiak eta seinaleak jarri, eta horiek 20 urtez mantentzeko lanak egin beharko ditu esleipena jaso duen kontsortzioak.
Euskal enpresak Australiako hiribururako 14 tren egingo ditu, eta horiek mantentzeko lanak ere bere gain hartuko ditu; bost moduluko 14 tren egingo ditu, 33 metro luzekoak.
ACS eta CAF enpresez gain, Mitsubishi fabrikatzaile japoniarrak, John Holland eraikitzaileak, Aberdeen Infrastructure Investment inbertsio funtsak eta DB International Alemaniako enpresak osatu dute kontsortzioa.
Urte amaieran hasiko dituzte Canberrako tranbia egiteko lanak, eta 2019. urtearen hasieran martxan izatea espero dute.