Ekonomia -
Zumarraga
ArcelorMittalen inbertsioak egiteko prest agertu da Jaurlaritza
Langileentzat plan sozial bat egitea ere proposatu du Jaurlaritzak. 'Traumatikoak izango ez diren neurriak izango dira', esan zuen Tapiak. Gaur greba-eguna dute Zumarragako plantan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, ArcelorMittalek Zumarragan duen lantegiko enpresa batzordeak eta Urola Garaia eskualdeko udalek apirilaren 1erako jarri dute hurrengo hitzordua, atzo Gasteizko gobernuak aurkeztutako bideragarritasun planari bakoitzak bere ekarpenak egiteko.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak atzo azaldu zien Jaurlaritzaren proposamena enpresa batzordeko ordezkariei, Donostian egindako bilera batean, Foru Aldundiko kideak ere bertan zirela. Ondoren, Zumarragako, Urretxuko, Legazpiko eta Ezkio-Itsasoko udaletako ordezkariekin bildu zen sailburua, horiei ere bideragarritasun plana aurkezteko.
Tapiaren arabera, Zumarragako lantegia bideragarria izateko inbertsio-plana diseinatu dute; gainerako erakundeen eta sindikatuen ekarpenak jaso ondoren, ArcelorMittaleko zuzendaritzarekin negoziatu beharko da proposamena.
Inbertsioak
Zumarragako plantako ekoizpenaren zati bat eteteko asmoa agertu zuen ArcelorMittalek joan den astean. Hori ekiditeko, inbertsioak egiteko prest agertu da Jaurlaritza. Merkatu eta produktu berriak garatzea proposatzen du, besteak beste.
Langileentzat plan soziala abian jartzea aurreikusi du Gasteizko gobernuak: Tapiaren hitzetan, plantilla doitzea edota beharginak birkokatzea beharrezkoa izango balitz, horiek traumatikoak izan ez daitezen, plan soziala diseinatuko da.
Sailburuaren arabera, altzairugintzak egun pairatzen dituen zailtasun objektiboak onartu eta lantegiaren jarraipena ahalbidetuko duten bide berriak jorratu behar dira. Etorkizunerako erabaki estrategikoak hartzea da helburua, Tapiaren hitzetan.
Europari begira lanean jarraitzearen aldeko apustua egin du Jaurlaritzak, "modu azkar eta eraginkor batean", dumpingaren aurkako neurriak ezartzeko.
Greba-eguna
ArcelorMittalek Zumarragan duen plantako langileek greba-eguna dute gaur. 12:00etan elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren atarian.