Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
Legebiltzarrak 2016ko aurrekontuak EAJ-PSE itunari esker onartu ditu
Onartutako kontuek ez dituzte gainerako taldeen zuzenketa partzialak barneratu. Aurrekontuak % 2,8 gora egin du 2015ekoarekin alderatuta.
Agentziak | Erredakzioa
EAJren eta PSE-EEren arteko itunari esker, Jaurlaritzaren aurrekontu egitasmoa (2016) onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Hala, sozialistek eta jeltzaleek kontuak babestu dituzte. EH Bilduk, PPk eta UPyDk, aldiz, kontrako botoa eman dute. Herritarrek behar dituzten aurrekontuak ez direla argudiatu dute hirurek.
Horrela, Iñigo Urkulluren Exekutiboak 10.933 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean. 35 milioi euroko aldaketak sartu dituzte egitasmoan, EAJk eta PSE-EEk hirugarren urtez jarraian adostutako akordioari esker.
PSE-EEko sei legebiltzarkidek proiektuari babesa eman diote, baina gainerako hamar ordezkari sozialistak abstenitu egin dira. EAJrekin batera ekimena aurrera ateratzeko, sei boto behar zituzten.
Onartutako kontuek ez dituzte gainerako taldeen zuzenketa partzialak barneratu. Aurrekontuak % 2,8 gora egin du 2015ekoarekin alderatuta.
Gastu soziala aurrekontuaren % 75,4 da eta Osasun Sailak partidarik handiena eramango du (3.422 milioi). Hezkuntza Sailak 2.841,9 milioi euro izango ditu xahutzeko, eta Enplegu eta Gizarte Politikarako beste 1.085,8 milioi.
Besteak beste, enpresa-sortzaileak, epe luzeko langabeak eta azpiegiturak laguntzeko programak bultzatzea lortu dute sozialistek zuzenketekin.