Ekonomia -
2016ko aurrekontua
EH Bilduk akordioa nahi du PSErekin, Aurrekontuak aldatzeko
Mendiak esan du ez duela EH Bildurekin biltzea aurreikusi, Eusko Jaurlaritzarekin negoziazio bide zuzena duelako irekita.
agentziak | erredakzioa
EH Bilduren Legebiltzarreko taldeak iragarri du Eusko Jaurlaritzaren 2016rako Aurrekontu proiektua aldatzen saiatuko dela PSE-EErekin adostasun batera iritsita, "EAJrekin akordioa bilatzen saiatzea denbora galtzea" delakoan.
Dani Maeztu eta Leire Pinedo koalizio abertzaleko legebiltzarkideek estrategia aldaketa bat iragarri dute aurrekontuen tramitazioari begira.
Hala, EAJrekin akordioa bilatu eta zuzenketak sartu ordez, EH Bilduk aurrekontuak goitik behera aldatu nahi ditu PSE-EEren laguntzarekin. PSE-EE izan da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzari 2015eko aurrekontuak aurrera ateratzen lagundu ziona.
Dani Maeztuk esan du datorren astean EH Bildu eta PSE-EE elkartu egingo direla datorren urteko aurrekontuei buruz hitz egiteko, ostegunean ziurrenik, baina ez omen dute hitzordua baieztatzerik izan.
Sailburuek aurrekontuei buruz Legebiltzarrean eman dituzten azalpenak entzun ostean, Maeztuk esan du susmatzen zutena baieztatu dela: Eusko Jaurlaritzaren "lehentasuna" defizitaren muga zehatz-mehatz betetzea dela.
Hala, "ongizate sistema indartzea bigarren mailan geratzen da, eta horrek murrizketak egongo direla esan nahi du", salatu du.
"Lehenik defizita eta ondoren pertsonak. Ukatzen duten arren, murrizketak daude" aurrekontu proiektuan, kritikatu du legebiltzarkideak.
Mendiak ez du EH Bildurekin batzartzea aurreikusi
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak, bestalde, argi adierazi du ez duela EH Bildurekin aurrekontuez hitz egiteko bilerarik aurreikusten, Eusko Jaurlaritzarekin negoziazio bide zuzena duelako irekita.
"EH Bilduk talde sozialistarekin harremanak izan nahi baditu, Legebiltzarrean etengabeko harremana dugu; beraz, iritziak trukatuko ditugu, baina ez dut EH Bildurekin batzartzea aurreikusten”, erantzun die Mendiak kazetariei.