Ekonomia -
Energia eolikoa
Gamesak 42 aire-sorgailu saldu dizkio Brasilgo Iberdrola-Neoenergiari
Brasil Gamesaren merkatu-nitxo nagusietakoa da, epe motz eta ertainean; izan ere, ekoizle garrantzitsuenetakoa da bertan.
Erredakzioa
Gamesak kontratu berri bat sinatu du Força Eolica do Brasil (FEB) Iberdrolak eta Neoenergiak osatutako partzuergoarekin, 42 aire-sorgailu saltzeko, 84 megawatteko (MW) potentziarekin, Brasilgo ipar-sortaldean dagoen Rio Grande do Norteko hiru parketan instalatzeko.
Zehatz-mehatz, Gamesak Santana 1 parkean 15 aire-sorgailu hornitu, eraman, instalatu eta martxan jarriko ditu; 15 turbina, Calanga 6 parkean, eta 12, Santana 2 parkean.
Turbinok Gamesak Camaçarin (Brasil) duen lantegian ekoitziko dituzte, eta 2016ko hirugarren hiruhilabeterako martxan egotea espero dute.
Euskal enpresak (Zamudion du egoitza nagusia) ekoitzi behar duen aire-sorgailua G114-2.0 MW modeloa da. Horrek energia gehiago, kostu txikiagorekin, ekoizteko gaitasuna dauka, bereziki haize txikia eta ertaina dagoenean, baina ondo egokitzen da Brasilgo altuera eta turbulentzia handiko haizeetara.
Gamesak nabarmendu duenez, “merkataritza harreman sendoa” dauka Iberdrola-Neoenergia partzuergoarekin, eta 372 MW hornitzeko kontratua sinatu du dagoeneko.
Brasil Gamesaren merkatu-nitxo nagusietakoa da, epe motz eta ertainean; izan ere, ekoizle garrantzitsuenetakoa da bertan.