Ekonomia -

Zuzeneko zergak nafarroan

Foru Parlamentuak errenta ororen gaineko presioa jaistea onartu du

Esate baterako, errenta handien eta txikien gaineko zergak jaitsiko dira; Sozietateen gaineko Zerga % 30tik % 25era murriztuko dute eta Ondarearen gaineko Zerga % 20 jaitsiko dute.

nafarroako parlamentua
nafarroako parlamentua
nafarroako parlamentua

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak onartu du gaur, asteartea, UPN, PSN eta PPN alderdien babesari esker -eta gainerako alderdiak kontra azalduta- errenta guztien gaineko zergak eta, oro har, zuzeneko zergak, jaisteko erreforma fiskalaren foru Legea.

“Ekonomia suspertzeko” neurri sorta da, PSNk bultzatuta, eta Nafarroako Gobernuak proposatutako -eta atzera bota zuten- erreforma fiskalaren ordezkoa da, hainbat aldetan.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) jaitsiko da errenta guztien kasuan eta, errenta txikiei dagokienez, 2011ko mailara bueltatuko dira. Gainera, eskala % 3 egokituko da, inflazioak zama fiskala astundu ez dezan.

Errenta handietan, egun indarrean dagoen zergarik altuena (300.000 eurotik gora) % 52tik % 48ra arinduko dute.

Aurrezkien gaineko zergei dagokienez, lehen 6.000 euroko aurrezkiari % 19ko zerga aplikatuko zaio, 12.000 eurorainoko tarteko maila bat sortu dute (% 21eko zergapean) eta, hortik aurrera, % 23ko zerga ezarriko da.

Halaber, Ondarearen gaineko Zergan ere eragina izango du erreformak, zergarik aplikatuko ez zaion gutxiengoa igo baitute, 311.023 eurotik 800.000 eurora, tarifa fiskala % 20 murriztuko da, zerga aplikatzeko muga igoko da, ondasunen baloreari dagokionez, milioi euro batetik milioi t’erdira eta ezkutu fiskala arindu egin dute, balizko bi kasuetan.

Gainera, eta ezkutu fiskalaren bigarren kasuaren inguruan, % 80tik % 75era murriztuko dute Ondarearen gaineko Zergaren kuota arintzeko aukera, ezkutu fiskala gaindituz gero.

Era berean, Sozietatearen gaineko Zergak ere jaitsiera nabarmena izango du, % 30etik % 25era jaitsita. Enpresa ertainen kasuan (miloi bat eta hamar milioiko fakturazioa dutenak) % 20tik % 19ra murriztuko da.

Erreakzioak

Juan Jose Lizarberen (PSN) esanetan, sozialistak “pozik” daude zuzenketan prozesuan “aberastu, eta ez txirotu,” den erreforma hori onartuta, “herritarren, bereziki langileen,” onurako legea izan delako.

Carlos Garcia Adanerok (UPN)onartu duenez, onartutakoa ez da “proiekturik egokiena” bere alderdiaren ustez, baina legealdi honetako erreforma garrantzitsuenetako bat onartzea -herritar guztiengan eragiten duelako- posible izan da”.

Aldiz, Maiorga Ramirezen (Bildu) ustean, zergak jaisteak “murrizketak murriztea” ekarriko du eta, orokorrean, onartutakoak “egindako akats batean sakondu du, amildegira hurbilduz”, “guztiak baino, gutxi batzuk aberasten dituen erregimen” baten seinale.

Juan Carlos Longas Aralar-NaBaiko parlamentaria ere oso kritiko azaldu da erreforma “atzerakoi” honen inguruan. Longasen arabera, “kontzeptu akats sakonak” egin dituzte eta, horien bidez, Nafarroa “murrizketen eta zorren legealditik hipoteketara igaroko da”.

Gizarte Entitateek, talka

Gizarte Entitateen Plataformak (PES) adierazi duenez, egungo erreformak zerga egitura “bidegabea eta desorekatua areagotu” du, gizarte zerbitzuen eta gastu publikoaren kalterako.

“Gure eredu fiskala bidegabekeria da herritarrentzat, eta ez dute zuzendu onartutako erreformarekin”, esan du ohar baten bidez Plataformak. PES 150 organizazio baino gehiagok osatzen dute, besteak beste, Nafarroako GKEen Koordinatzaileak, eta Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren kontrako Borrokaren Sarea.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP UPN Albisteak Nafarroako Alderdi Izquierda Ezkerra Nafarroako albisteak Ekonomia berriak Aralar Albisteak Gaur Albisteak Zergak gaur EH Bildu Bizkaia