Ekonomia -
2013ko datuekin alderatuta
Etxebizitzen hipoteken kopuruak % 31 egin du gora ekainean EAEn
Nafarroan, gorakada % 64,9koa izan da, 2013ko datuekin alderatuz gero. Estatu mailan, igoera % 19koa da.
Erredakzioa
Jabetzaren erregistroetan erregistratutako etxebizitzen hipoteken kopurua 850ekoa izan zen ekainean EAEn, asteazken honetan zabaldutako datuen arabera; hortaz, 2013ko datuekin alderatuz gero, % 31,8 igo da kopuru hori. Nafarroan, % 64,9 egin du gora, eta guztira 305 eragiketa egin dituzte; Foru Erkidegoa igoerarik nabarmenena izan duten erkidegoen artean kokatzen da, datu horiekin.
Estatu mailan, 17.137 hipoteka sinatu zituzten ekainean, 2013ko ekainean baino % 19 gehiago. Hori dela eta, datuak berriro eremu positibora itzuli dira, apirilean eta maiatzean indizea negatiboa izan ostean (% 13,4 apirilean, eta % 3,4 maiatzean).
Etxebizitzetarako hipoteken batez besteko zenbatekoa 98.582 eurokoa izan zen ekainean, 2013ko ekainean baino % 1,3 handiagoa. Emandako kapitalaren kopuruak % 20,5 egin du gora, eta 1.689,4 milioi eurokoa izan da.
2014ko ekaineko eta maiatzeko datuak alderatuta, hipoteken kopuruak % 4,6 egin du behera; azken lau urteetako hilabete horretako kopurua kontuan izanik, atzerapenik txikiena da. Eta emandako kapitalak, maiatzetik ekainera, % 5,2 jaitsi da; 2013ko ekaina eta maiatzeko datuen arabera, % 22 egin zuen behera iaz.