Ekonomia -

Urtetik urterako datuak

Araban % 12 gehiago bildu dute zerga bidez uztailera arte

Gehiago bildu dute BEZ, PFEZ eta Ondarearen gaineko Zerga bidez. Sozietateen gaineko Zergaren inguruko datuak, berriz, abuztuan emango dituzte ezagutzera, baina iazkoen parekoak izatea espero dute.

Irudirik gabe
Irudirik gabe
Irudirik gabe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zerga bidezko bilketak gora egin du Araban % 12 uztailera arte, iazko epe berdinarekin alderatuta, eta guztira 870,1 milioi euro jaso ditu Ogasunak.

Aitor Uribesalgo Arabako Ogasun, Finantza eta Aurrekontuen diputatuak plazaratu ditu datuak eta, esan duenez, "susperraldi ekonomikoa agerian da, lurraldeak eutsi dio zerga bilketaren hazkundeari aurreko apiriletik hona".

Aurreko apirilera arte hazkundea % 7,7koa izan zen, zerga zuzenean.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, igoera % 9,8koa izan da -308,5 milioi-, horrek esan nahi du enpresen egoera ekonomikoa hobetu dela, eta kontratu gehiago lortu direla, Uribesaldoren esanetan.

Gainera, Ondarearen gaineko Zergaren bidez 16,8 milioi jaso ditu Ogasunak -iazko epe berdinean baino 3,4 milioi gehiago-, hau da, % 25,4 gehiago.

Diputazioak gogorarazi duenez, Sozietateen gaineko Zergaren inguruko datuak uztailaren 28ra arte zenbatzen dira, eta abuztuan ezagutaraziko dituzte, baina aurreko urteko datuak errepikatzea espero dute.

Zerga ez zuzenen kasuan, % 6,8ko igoera izan da, besteak beste, BEZak % 12,4 egin du gora, 255,5 milioi eurora helduta.

Aurreko astean, Bizkaiko Diputazioak jakinarazi zuen lurralde horretan urtarriletik uztailera % 10,2 igo da zerga bilketa, iazko datuekin alderatuta, baina azkenik igoera % 5,8an geratu zen, maila homogeneoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arabako berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Zergak gaur