Ekonomia -
Turismo datuak
Turismoak behera egin du 2013an, Euskadin
Bidaiarien sarrerek eta gaualdiek behera egin zuten EAEn (% 2,1 eta % 3,1, hurrenez hurren) . Lurraldeka, Gipuzkoak bakarrik izan ditu datu positiboak.
Erredakzioa
2013. urtea ez da ona izan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) turismoari dagokionez. Bidaiarien sarrerak eta gaualdiak % 2,1 eta % 3,1 jaitsi dira, hurrenez hurren, 2012ko datuekin alderatuta. Lurraldeka, Gipuzkoak bakarrik izan ditu datu positiboak.
Estatuan, berriz, turisten kopuruak gora egin duela iragarri du gaur bertan Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Horren esanetan, 2013an % 5,6 hazi zen turisten kopurua.
Eustat Euskal Estatistika Institutuak emandako datuei dagokienez, 2.368.080 bidaiari sartu ziren iaz EAEn, 2012an baino 52.027 gutxiago. Gaualdiei dagokienez, 4.478.672 erregistratu ziren iaz, aurreko urtean baino 143.631 gutxiago.
Turisten beherakada hori Bizkaian eta Araban igarri zen batez ere, % 2,5 eta % 10,1 hurrenez hurren. Gipuzkoan, aldiz, % 1,8 igo zen turista kopurua.
Gaualdietan ere igoera izan zen Gipuzkoan (% 2,8); Bizkaian eta Araban, berriz, behera egin zuen (% 4,6 eta % 12, 5).
Eustaten arabera, bidaiariek EAEn emandako egun kopuruaren datua ez da hobea: 2012an 1,91 egunekoa izan zen eta 2013an 1,89koa izan da.
Plazakako betetze mailari dagokionez, % 46,1etik % 44,3ra pasatu da 2012tik 2013ra.
Nekazaritza-turismoko etxeetan ere, beherakada
Nekazaritza-turismoko etxeetan ere txarra izan da urtea. 2012an baino 112.131 bidaiari sarrera gutxiago erregistratu ziren 2013an; % 9,5 gutxiago, hain justu. Gaualdietan ere, beherakada izan zen: % 10ekoa.
Bizkaian izan zen jaitsiera aipagarriena, bidaiari-sarreren kopuruak % 18,8 egin baitzuen behera; Araban eta Gipuzkoan, berriz, % 8,5 eta % 4,5ekoa izan zen jaitsiera hori, hurrenez hurren.