Ekonomia -
2014ko Aurrekontuak
Jaurlaritzak gaur onartuko du 2014rako aurrekontuen proiektua
Iñigo Urkulluren Gobernuak 2014an, gutxienez, 10.200 milioi euro izatea espero du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 2014rako aurrekontu-proiektua onartuko du gaurko gobernu-bileran. Aurrekontuak onartzeko eta aurrera eramateko esperantza du, 2013an aurrekoak luzatu behar izan ostean, aurten PSE-EEren babesa izatea espero baitu.
Eusko Jaurlaritzak datorren urtean 10.200 milioi euroko aurrekontua izatea espero du, EiTBk jakin ahal izan duenez. 2012ko mailara iritsiko ez bada ere, aurten erabili ahal izan dituen 9.300 milioi euroak baino gehiago dira. Igoera hori aldundien diru-sarreren gorakadak ahalbidetu du batez ere. Izan ere, 500 milioi euro inguru gehiago jasoko dituzte aldundiek zerga bidez, eta horietako 350 milioi Jaurlaritzara joango dira.
Ogasun sailburuak gaur goizean azalduko ditu aurrekontu horien nondik norakoak, baina Jaurlaritzak dagoeneko aurreratu du oinarrizko zerbitzuetarako partidak handituko dituztela: osasuna, hezkuntza eta babes soziala. Pertsonak artatzeko zerbitzuak hobetzea eta susperraldi ekonomikoa sustatzea izango dira Iñigo Urkullu buru duen Jaurlaritzaren helburu nagusiak.
Proiektua ostegunean eramango dute Eusko Legebiltzarrera, eta abenduaren 20an izango da azken bozketa. Ordura arte, izapideak, zuzenketak eta negoziazioak nagusituko dira bi hilabetez; izan ere, Jaurlaritzak ezin du proiektua bere kasa aurrera eraman. PSE-EErekin sinatutako itun fiskal eta ekonomikoak, hala ere, aurrekontuak onartzeko bidea erraztuko du, eta harremanak dagoeneko abiatu dira jeltzale eta sozialisten artean.
Negoziazioak
Finantzen Euskal Kontseiluaren azken bileran finkatutako aurreikuspenen arabera, Iñigo Urkulluren Gobernuak gutxienez 349 milioi euro gehiago izango ditu 2014an. Urkulluk iragarri zuenez, hezkuntza, osasuna eta gizarte babeserako partidak berrikusiko dituzte.
2014ko aurrekontuen proiektua onartuta, Eusko Legebiltzarrean elkarrizketarako eta akordiorako giroa izatea nahiko luke Urkulluk. Horren ustez, "zerga alorrean PSE-EE eta PP alderdiekin erdietsitako itunak aurrekontuak onartzea eta urtarrilaren 1etik aurrera indarrean egotea ahalbideratuko du".
Borja Semper PPk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak aurrekontuak onartzeko laguntza eskaini dio EAJri: "Herri akordioak lortuta, Euskadi hobetzea da helburua".
Eusko Jaurlaritzak eta PSE-EEk aurrekontuen proiektuaren gaineko negoziazioak hasi dituzte dagoeneko. Sozialisten esanetan, "aurreko urteetakoa baino aurrekontu-proiektu hobea da, eta Patxi Lopezen Gobernuaren azken aurrekontuaren antza gehiago du".
2014ko aurrekontu-proiektua
"Lehentasunak honakoak dira: zorroztasunez eta modu efizienteagoan kudeatzea, oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzea eta, Euskadiren modernizazioa eta lehiakortasun ekonomikoa bultzatuta, Euskadiren etorkizuna eraikitzea", azaldu zuen Iñigo Urkulluk.
Urriaren 15eko Finantzen Euskal Kontseiluan hitzartu zituzten diru-sarrerak Eusko Jaurlaritzak kudeatzea onartu du Espainiako Gobernuak. Aurreikuspenen arabera, Jaurlaritzak 349 milioi euro gehiago jasoko ditu bide horretatik.
"Diru gehiago izango da hezkuntzan, osasunean eta babes sozialean, horiek izango dira aurrekontu igoera izango duten lehen partidak", azaldu zuen Urkulluk.
Zorroztasuna aplikatzen jarraituko duela esan zuen Urkulluk, eta dirua oinarrizko zerbitzu publikoak indartzeko, ekonomiaren suspertzea bultzatzeko eta enplegua sortzeko erabiliko dela nabarmendu zuen.
Lehendakariaren esanetan, hirugarren helburua hazkundea bultzatzeko baldintzak sortzea da. Jaurlaritzak enpresaren, lehiakortasunaren, sektore berrien, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen alde egingo du, Urkulluren arabera.