Ekonomia -
Krisia Fagorren
Milaka pertsonak babesa agertu diete Arrasaten Fagorreko langileei
Martxa San Andres auzoko lantegitik abiatu, eta Mondragon Korporazio Kooperatiboaren (MCC) egoitza nagusiaren aurrean bukatu da.
Erredakzioa
Milaka pertsonak elkarretaratzea egin dute eguerdian Arrasaten (Gipuzkoa), Fagor Etxetresnak kooperatibaren egoera salatzeko eta astelehenean langabezian geratuko diren 1.800 langileei elkartasuna adierazteko.
"Gure lanpostuen defentsan" leloaren atzean, martxa San Andres auzoko lantegitik abiatu da, eta Mondragon Korporazio Kooperatiboaren (MCC) egoitza nagusiaren aurrean bukatu dute. Ibilbidean zehar, beste hainbat kooperatibetatik pasatu dira, hala nola Lagun Aroren egoitzaren aurretik.
Manifestazioa bukatu eta gero, Exabier Arrieta Kontseilu Sozialeko presidenteak adierazpen bat irakurri du. Bertan, Fagor Etxetresnakeko kooperatibistek "enpleguarekin konpromisoa agertzeko", bazkideen zorpetzeari konponbidea emateko eta enpleguak bermatzeko bideragarritasun plan bat zehazteko deia egin dute.
Manifestazioa Arrasaten. Argazkia: EFE
Enpresaren krisiak "bailaran, Euskadin, Estatuan eta nazioartean" ondorio "suntsitzaileak" izango dituela ohartarazi dute Fagor Etxetresnakeko langileek.
Konpainiako bazkideen eta hornitzaileen egoera "dramatikoa" dela salatu dute. "Gugan sinistu dute azken unera arte", azpimarratu du Arrietak.
Edesako langileek Gizarte Segurantzako erregimenari lotuta lan egin dute, gainerako kooperatibistekin alderatuta hori da desberdintasun bakarra. Horregatik, "tratu bera" eskatu du bozeramaile batek.
Bestalde, Fagor taldeko langileei elkartasuna azaltzeko adierazpen instituzionala onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Konpainiak ahalik eta lanpostu kopururik handiena "bermatzeko" bideragarritasun plana egin behar duela dio adierazpenak.
Manifestazioa Arrasaten. Argazkia: EFE
Langileen haserrea
"Fagor ama da, guztia hemendik atera da eta orain bakarrik lagako gaituzte. Irtenbide bakarra MCCk aginte makila hartzea da, errentagarria denarekin aurrera egiteko eta gainerako guztia ixteko", adierazi du Guadalupek. Guadalaupek 37 urte daramatza konpainian.
Kooperatiban gauzak ongi ez zihoazela bazekitela azaldu du Ana bazkideak, baina agintariek enpresa "aurrera atera" behar zutela pentsatzean "inuzenteak izan gara". Bospasei buruzagik kooperatiba utzi dute "lehiakideekin bat egiteko", erantsi du.
Nahiz eta krisiak lagundu ez duela onartu, arazo nagusia "alfer koadrila" baten kudeaketa tamalgarria izan dela adierazi du 34 urte lanean eman dituen erretirodun batek.
Manifestazioa Arrasaten. Argazkia: EFE
MCCko presidente ohia
Antonio Cancelo Mondragon Korporazioko presidente ohiaren hitzetan, merkatuaren krisiaren aurrean erabaki azkar eta dramatikoak hartu behar dira. Fagorren kasuan, lanpostuen bi herenak deuseztatzea aukera bat izan daitekeela onartu du.
2008tik merkatuak % 30 egin du behera sektorean, eta horrek "arazo oso larria" suposatzen du, Canceloren esanetan.