Ekonomia -
Negoziazioak PSE-REKIN
EH Bildu itun fiskaletik 'aldendu' izana deitoratu du Erkorerak
Akordioaren azken testua ezagutzen ez badu ere, koalizio abertzaleak bat egitea "zail" ikusten duela aurreratu izana kritikatu du Jaurlaritzako bozeramaileak.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen ustez, EH Bildu jeltzaleak eta sozialistak negoziatzen ari diren itun fiskaletik "aldentzen" saiatu da "hasieratik", "bat egin ez izana erraz justifikatu ahal izateko".
Onda Vascan eskainitako elkarrizketa batean, Erkorekak deitoratu egin du EH Bildu itunetik dagoeneko "aldendu" izana, azken testua ezagutzen ez badu ere eta akordioa % 100 itxita ez badago ere.
"Ildo batzuk ezagutzen dira, norabide batzuk adostu ditugu, baina azken testua ez dago zehaztuta oraindik", esan du bozeramaileak. Horren ildotik, koalizio abertzaleak akordioarekin bat egitea "zail" ikusten duela aurreratu izanak akordiorik nahi ez duela erakusten duela iritzi dio.
Nolanahi ere, itun fiskala "ahalik eta akordio zabalenak" lortzeko helburuarekin jaioko dela nabarmendu du Erkorekak.
"Beste alderdi bat, hirugarrena, beharko litzateke akordioak aurrera egin ahal izateko eta Aldundietan dagozkien arauak onartu ahal izateko", ohartarazi du.