Ekonomia -
Aurrekontuak
Ortuzarrek aurrekontuen luzapena negoziatzeko eskatu dio De Andresi
EAJren presidenteak azpimarratu du ez dagoela "denborarik" aurrekontu berriak negoziatzeko. Bizkaiaren kasuan, aurrekontuak PPrekin negoziatzeko "besoak zabalik" dituztela esan du.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren presidenteak azaldu duenez, akordioa lotu zuten PPrekin Bizkaiko aurrekontuetan abstentzioa eman zezaten, eta gero popularrek atzera egin bazuten ere, EAJk "besoak zabalik" omen ditu Bizkaiko aurrekontuak negoziatzeko.
Bestalde, Ortuzarrek errealista izateko eta aurrekontuen luzapena negoziatzeko deia egin dio Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiari.
Ortuzarren arabera, ez zen EAJ izan "Arabako aurrekontuetan atzera bota zena: abstentzioa eman genuen. PSEk osoko zuzenketa kenduko zuela espero zuen PPk; ez zuen lortu eta orain guri leporatzen digu errua, baina guk baiezkoa emateko benetako negoziazioa eskatzen genuen".
EAJren presidente izendatu berriak gaineratu duenez, "ez da aurrekontu berriak negoziatzeko garaia, ez dugu astirik. Arabako Aldundiaren egoeran aurrekontuen luzapena ongi kudeatu behar da. Negozia dezagun nola luzatu aurrekontuak eraginkorrak izan daitezen. Badakigu Bilduk eta PSEk gogor jo nahi dutela Aldundiaren kontra.