Zinema
HERIOTZA
EITB MEDIA
Hackman (95 urte) eta Arakawa (63 urte) hilda aurkitu zituzten, bien txakurretako batekin batera, Santa Fen (Mexiko Berria) zuten etxean, eta oraindik ez dute zehaztu zergatik hil zen.
Gene Hackman
Gene Hackman aktorearen eta haren emazte Betsy Arakawa piano-jotzailearen heriotza "susmagarritzat" jo dute, argitaratutako erregistro-aginduaren arabera.
Hackman (95 urte) eta Arakawa (63 urte) hilda aurkitu zituzten, bien txakurretako batekin batera, Santa Fen (Mexiko Berria) zuten etxean, eta oraindik ez dute zehaztu zergatik hil ziren.
Roy Arndt Santa Fe konderriko sheriffaren bulegoko detektibeak sinatutako erregistro-aginduak dio senar-emazteak etxeko gela ezberdinetan aurkitu zituztela.
Arndtek idatzian adierazi duenez, aurkitu zutena "bilaketa eta ikerketa sakona eskatzeko nahikoa susmagarria" izan zen.
Agintarien esanetan, Oscar saria bi aldiz irabazi zuen aktorearen gorpua sarreran aurkitu zuten, eguzkitako betaurrekoak ondoan zituela; Arakawa, berriz, bainugela batean aurkitu zuten, eta pilulak zeuden harengandik gertu, sakabanatuta.
Agente baten arabera, biek antzeko heriotza-zantzu nabariak zituzten, eta biak lurrera erori zirela iruditu zitzaiola adierazi zuen. Arakawaren gorpua aztertuta, "gorpuaren deskonposizioa, hantura aurpegian" eta "esku eta oinen momifikazioa" antzeman zizkioten.
Bikotearen alemaniar ardi txakur bat hilda aurkitu zuten Arakawa zegoen lekutik hurbil zegoen armairu batean, baina beste bi txakur onik eta bizirik aurkitu zituzten.
Oraingoz, detektibeak baztertu egin du bikotea gas-ihes baten ondorioz hil izana, Mexiko Berriko suhiltzaileen departamentuari eta gas-konpainiari deitu baitzieten gas naturalaren ihesa zegoen jakiteko.
"Orain arte, ez dago hodiei lotutako arazoren bat egon dela erakusten duen zeinu edo frogarik egoitzaren inguruan", gaineratu zuen Arndtek.
Bikotearen etxean mantentze-lanak egiten zituzten langileek aurkitu zuten bikotea, asteazkenean.
Santa Feko sheriffaren bulegora deitu zuen auzoko batek bizilagunak ondo daudela egiaztatzeko polizia-bisita bat eskatu zuen, Hackmanen etxean ez zuelako mugimendurik ikusten, eta zerbait arraroa ikusi zuelako.
Hilda aurkitutako bikotearen nortasunak egiaztatu ondoren, sheriffaren bulegoak jakinarazi zuen ikerketa ireki zuela eta epailearen agindu baten zain zeudela etxebizitza zehatz-mehatz miatu ahal izateko.
Hollywoodeko izarra izan zen Hackman XX. mendeko hainbat hamarkadatan, eta bi Oscar sari irabazi zituen The French Connection eta Unforgiven filmetan egindako lanagatik.
Aktore karismatikoa kameretatik urrun zegoen 2004tik, eta eleberri historikoak idazten, eskulturak zizelkatzen eta koadroak margotzen zituen zinema mundutik erretiratu zenetik. Washington Post egunkariaren arabera, Hackmanek eta Arakawak (Hackmanen bigarren emaztea) hamarkada pare bat zeramatzaten Santa Fen bizitzen, enkarguz eraikitako zenbait etxetan, artista asko bizi diren auzo batean.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa