kultura
Antzerkia
N. V. | EITB Media
Agurtzane Intxaurragak idatziriko antzezlana aukeratu du epaimahaiak iaz Donostian helduentzat euskaraz taularatutako lan onenaren gisan. Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, martxoaren 27an, saria jaso eta obra jokatuko dute.
Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza eta Jabi Barandiaran. Argazkia:Asier Corera, Renata L. Etanowski
Zorretan "zaintza eta maitasunari buruzko tragikomedia absurdo eta poetikoak" irabazi du Donostia Antzerki Sariaren 25. edizioa. Lan hori da 2024an helduentzako antzerki konpainia profesional batek Donostian eta euskaraz egindako antzezlanik onena.
Agurtzane Intxaurragak idatzi eta zuzendu duen laneko aktoreak Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza eta Jabi Barandiaran dira, eta urriaren 25ean estreinatu zuten lana, Donostian bertan, Hika Teatroa donostiar konpainiak.
Epaimahaiaren iritziz, "oso modu egokian daude ekarrita taulara antzezlanean jorratzen diren gai sakonak: amatasuna, ama-alabaren arteko harremana, zaintza, maitasuna, dolua... Eta gai horiek planteatzeko modu eta ikuskera ugari erabili ditu egileak".
"Ama-alaben arteko harremanei, zaintzari eta maitasunari buruz gizartean errotuta dagoen iritzia eta ikuspegia zalantzan jartzen ditu antzezlan honek", berorien ustez, "eta hausnarketa sorrarazten du horren gainean".
Mikel Mendarte antzerkizaleak, Xabina Claverie-Urruty kultur teknikariak, Xanti Val Lezoko Udaleko kultur teknikariak eta Andoni Mutiloa, Asun Martinez eta Idurre Izagirre publikoaren ordezkariek osatu dute epaimahaia.
Hika Teatroak 12.000 euro eta Juan Ignazio Mendizabal "Mendi" artistaren eskultura jasoko dituzte sari gisa. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria eman eta gero lan irabazlea emango da.
Gonbidapenak martxoaren 25ean egongo dira eskuragarri Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan, goizeko 11:30etik aurrera.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa