kultura
Zinema
EITB Media
Akademikoek 'Segundo Premio' filma aukeratu dute Oscar sarietan Espainiako Estatua ordezkatzeko Nazioarteko Film Onenaren kategorian. Sari banaketaren 97. edizioa 2025eko martxoaren 3an izango da.
Eduardo Noriega aktoreak aukeratutako filmaren izena iragarri du. Argazkia: EFE
Isaki Lacuesta eta Pol Rodriguezen Segundo Premio filma aukeratu dute akademikoek Hollywoodeko Akademiaren 97. edizioko Oscar sarietan Espainiako Estatua ordezkatzeko Nazioarteko Film Onenaren kategorian, beste bi hautagaiak gaindituta: Javier Maciperen La estrella azul eta Aitor Arregi eta Jon Garañoren Marco. Horixe iragarri du gaur Eduardo Noriega aktoreak, Zinema Akademiaren egoitzan.
Loreak, Handia eta La trinchera infinita Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren filmak ere aukeratu zituen bere garaian Espainiako Akademiak, hiru obra aukeratzeko aurretiko hautaketan, eta Loreak eta La trinchera infinita Espainiako Akademiaren behin betiko hautagaiak ere izan ziren, baina, azkenean, batek ere ez zuen lortu Hollywoodeko Akademiaren izendatuen artean egotea.
1997an, Bihotzondoko sekretuak Montxo Armendarizen filma Oscar sarietan hautagai izan zen, atzerriko film onenaren atalean.
Marco, EITBren parte-hartzea duen filma, benetako gertakari batean oinarrituta dago: Enric Marco inoiz existitu ez zen deportatua izan zen, iritzi publikoaren eta familiaren aurrean imajinatzen zaila zen gezur bati eusteko gai izan zen gizona: nazien kontzentrazio-esparru batean preso hartu zutela. Karismatikoa eta sinesgarria, Marco Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidente izatera iritsi zen, eta, bertan, bere ustezko ausardiagatik eta sufrimenduagatik nabarmendu zen. Egun batean, historialari batek haren kontakizuna erabat faltsua dela jakitera eman arte.
Orain, Segundo Premio, Malagako Zinemaldian Urrezko Biznaga jaso duena, Oscar saria eskuratzeko bideari ekingo dio, Akademiaren lehen kanporaketa gainditu eta hamar tituluko 'shortlist' izenekoan sartuko den jakiteko zain. Iaz J.A. Bayonaren La Sociedad de la Nieve pelikulak ordezkatu zuen Espainia, eta bost finalistetan sartzea lortu zuen.
Segundo Premio Los Planetas musika taldearen izen bereko diskoaren grabazioan oinarrituta dago. Daniel Ibañez eta Cristalino Granadako musikaria dira filmeko protagonistak, eta Jota eta Florent taldeburuak antzezten dituzte, hurrenez hurren, eta Mayrena Stephanie Magninek egiten du.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa