21:21

kultura

'ALTSASU' ANTZERKIA

La Abadia antzokiak 'Altsasu' antzezlana defendatu du, zentsura eskaeren aurrean

AGENTZIAK | EITB Media

Antzokiaren atarian, bi elkarretaratze egin dituzte: batetik, Voxek deituta protesta egin dute Madrilgo estreinaldia boikoteatzen saiatzeko; bestetik, Aktoreen Batasunak adierazpen askatasuna aldarrikatu du.

  • Madrilgo La Abadia antzokiaren oharra

    Madrilgo La Abadia antzokiaren oharra

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Madrilgo La Abadia antzokiak Altsasu antzezlana defendatu du, hain zuzen ere, Espainiako hiriburuan estreinatu den egunean. Zentsura eskariak izan badira ere, azkenean ez dute helburua lortu. Antzokiak ohar batean azaldu duenez, antzezlan baten inguruan sor daitezkeen iritzi guztiak entzuten eta errespetatzen ditu. 2016an Altsasuko Koxka tabernaren atarian bi guardia zibilekin izandako liskar baten harira Auzitegi Nazionalak epaitutako zortzi gazteen kasua kontatzen du Altsasu lanak. 

La Abadia antzokiak dioenez, sortzaileen askatasunaren alde egiten du, gizarteari garrantzitsuak iruditu ahal zaizkion gaiak eta galderak planteatuz.

"Indarkeria gaitzesten dugu eta ez dugu inoiz baimenduko gure agertokietan indarkeriaren apologia egitea. Uste dugu zentsura eskarien aurrean eman dezakegun erantzunik onena teloia altxatzea dela", azpimarratu du.

Halaber, ikusleei eskerrak eman ostean, antzokira joaten diren pertsona guztiekiko "errespetua" eskatu du.

Bestalde, Madrilgo Erkidegoak eta Udalak antzokiaren zuzendaritzaren independentzia defendatu dute.

Zehazki, antzezlana "gehiago edo gutxiago gustatu arren, programazio askatasuna errespetatzen duela adierazi du Jose Luis Martinez Almeida Madrilgo alkateak. Cuatro telebista kateari eskainitako elkarrizketan esan duenez, askatasunaren eta sormenaren alde, eta zentsuraren aurka daudela helarazi nahi diete herritarrei.

Bestalde, Jordi Marti Grau Kulturako Estatu idazkariak salatu du "zentzugabekeria" dela alderdi batek —Voxek— antzezlan baten aurkako manifestazioa deitzea. Horren ustez, edozein alderdi demokratikok adierazpen askatasuna defendatu behar du. Era berean, Espainiako Kultura Ministerioak gisa horretako eraso "guztiz justifikaezinak" jasaten dituzten adierazpen artistikoak salatzen eta babesten jarraituko duela nabarmendu du.

Antzokiaren atarian, berriz, aldekoak eta kontrakoak elkartu dira. Vox alderdiak deituta, elkarretaratzea egin dute Madrilgo La Abadia antzokiaren kanpoaldean.

erasoa

Aktoreen Batasunak deitutako elkarretaratzean adierazpen askatasuna aldarrikatu dute. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Bestalde, Aktoreen Batasunak Voxen deialdia kritikatu du, eta elkarretaratzea egin du adierazpen askatasuna aldarrikatzeko.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena