07:56

Literatura

Elkarrizketa

Unai Elorriaga: "Errealitateak traba egiten zidanean, salto egiten nuen gainetik ezelango beldurrik gabe"

Natxo Velez | EITB Media

Algortar idazleak "Francesco Pasqualeren bosgarren arima" eleberria argitaratu du, XIX. mendean Sapritik Euskal Herrira mugitu zen gizon baten ibilbidearen kronika, hamabost ipuinez osatua.

  • Unai Elorriaga. Argazkia: Sonia Flores Paz.

    Unai Elorriaga. Argazkia: Sonia Flores Paz.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bizitza osatzeko balio du literaturak, arteak oro har. Egunerokoan iristen ez garen tokietara eramaten gaituzte poemek, kantuek, eleberriek, filmek eta antzezlanek zuri-beltz zurrunak grisez janzteko, mugak lausotzeko, inertziak inarrosteko, posible zaigunaren irismena zabaltzeko eta hutsuneak betetzeko.

Bada, hain zuzen ere, ideien mailatik paperera eraman du literaturak hutsuneak betetzeko duen potentzialtasun hori Unai Elorriaga idazleak (Algorta, 1973) Francesco Pasqualeren bosgarren arima bere zazpigarren eleberrian (Susa argitaletxea, 2024): Francesco Pasquale (Sapri, 1825 – Bermeo, 1910) senide urrunaren benetako ibilerak jaso, eta denboraren joanak eta ahanzturak zabaldutako zuloak fikzioaren materiaz bete ditu, hamabost ipuin eta hainbat ohar biografikotan.

Historiaren eta istorioaren arteko harresia eraisten du Elorriagaren eleberri berriak, nolanahi den, fikzioaren eta literaturaren fabore betiere: hamabost ipuin beregainetan egiten dute aurrera Francesco zenaren abenturek eta, haren bidez, XIX. mendeko Europako bizimodu batzuen erretratuak: langile klasea, bortxakeria, jauntxokeria, migrazioa, jazarpen politikoa, etxea, heriotza, herrimina…

Elorriagarekin hitz egin dugu, nobelak aurkezten dituen hari mutur zenbaitez.

Nola izan zenuen Francesco Pasqualeren ibileren berri eta zergatik iruditu zitzaizun Francesco literaturarako lehengai egokia?

Aspaldi izan dugu familian Italiatik etorri zen arbaso horren berri, baina ez geneukan datu askorik. Halako batean, 2016an oker ez banago, ordura arte ezagutzen ez nuen senitarteko batek esan zidan ikerketa txiki bat egin zuela aspaldi Francescoren inguruan (jaioterria, urtea, ezkontzak eta abar) eta idatzirik zeukala.

Bidali zidan eta beste paraje batekin egin nuen topo han: betidanik erakargarri egin zaidan XIX. mendea, batetik, eta beste mundu ikuskera batzuk, bestetik. Eta hara lotzen ninduen hari bat sumatu nuen. Ordura arte urruna iruditzen zitzaidana, beraz, etxeko bihurtu zitzaidan eta istorioak ikusten hasi nintzen.

Zergatik "bosgarren" arima? Zeri egiten dio erreferentzia bosgarren arima horrek?

Bost zenbakiak badauka puntu magikoa euskal imajinarioan. Gaur eguneko hamaikak daukan funtzioa bete izan du luzaro, hau da, mugagabe sinbolikoa izan da: "Bost negar egiteko/nunbait jaio giñan" dio, esate baterako, Muñagorriren bertso-sortak edota "Bostetan geroztik/negar egiten dit/Xiberua zuri" Agur Xiberua kantuak, leloan errepikatzen dena gero: "Bostetan elki deitadazüt hasperena". Hainbat testu zaharretan agertzen da…

Horrezaz gainera, gure herriko hilerria Bosgarrena kalean dago, arima biltoki.

Datu eta gertakari errealak eta zuk asmatutakoak uztartzen dira liburuan. Zeri zor zaio, zure ustez, errealitateak zeharkatzen dituen fikzioen egungo ugaritasuna? Irakurleek (irakurle batzuek) errealitatearen heldulekua behar dutela iruditzen zaizu, fikzioa prozesatzeko?

Askotariko kasuak daudela iruditzen zait. Gehienetan, biografia da pisuzkoena eta, sarri, datu errealetatik ateratzen denak azala baino ez du ukitzen, errealitateak ematen baitio narrazioari indarra (esplizituki kontatu ala ez).

Irakurleak, maiz komentatu didatenagatik, datu errealak ehizatu nahi ditu, galbahea erabiltzen du bata eta bestea bereizteko, errealitatearen hurbiltasuna egiten zaie erakargarri. Nireak gutxi dauka horretatik: irakurle askok irakurri du Francesco fikziozko pertsonaia balitz bezala (eta hala da) eta amaieran, argazkiak ikusitakoan, ohartu da benetan existitu zela. Liburuak ematen dituen bost sorpresetatik bat da argazkien agerpena bera ere.

Testua hutsetik hasi izan banu ere, errealitatean inongo heldulekurik gabe, emaitza antzekoa izango litzateke. Askotan zalantza egiten dut zergatik kontatu dudan hau guztia aurkezpenean eta elkarrizketetan, ez baitauka garrantzirik.

Idazle gisara, zer abantaila eta zer morrontza ekarri dizkizu gertakari errealetara bildu beharrak edo, beste modu batera esanda, gertakari errealen heldulekua eskura izateak?

Abantaila baino ez da egon. Izan ere, errealitateak traba egiten zidanean, salto egiten nuen gainetik ezelango beldurrik gabe.

Eman dion bakarra kolorea izan da, XIX. mendeko kolorea beharbada.

Dena dela, gauza batzuk, hala nola Francescoren jarrera edo aktibismo politikoa XIX. mendean Bi Sizilietako Erresuman, ez dituzu testuan erabat argitu. Hutsune batzuk utzi dituzu, historiaren zure berreraikitzean (istorioan), irakurleak bete ditzan…

Kontua da ezin direla argitu, ezinezkoa da. Hipotesiak daude, zergatik egin zuen alde, zeri egin zion ihes.

Hipotesi horiek erabili ditut gurera ekartzeko, klandestinitateari buruz hitz egiteko, adibidez, horren inguruko zerbait badakigulako, bizi izan dugulako. Hau da, XIX. mendean gertatu arren, XX. mendeko bertako arazo batzuei buruz ere hitz egiten da.

Eleberritzat har daiteke Francesco Pasqualeren bosgarren arima, baina ipuin beregainen bidez josten da istorioa. Ipuin horiek zehaztu dute, kateatutakoan, nobelaren haria edo nobelaren hariari egokitu dizkiozu ipuinak?

Liburuak planteatzen ditudanean, oso argi izan behar dut testu osoa buruan; neure buruari jartzen diodan betebeharra da. Hezurdurak behintzat zirrikiturik gabe egon behar du pentsatuta.

Hasieratik nekien, beraz, nobela izango zela, baina ipuinek osatuko zutela, hasiera eta amaiera itxia edukiko zuten ipuinek, narratzaile desberdinak, giro, tonu, erregistro, erritmo… diferenteak izango zituztenek. Pasarte (narrazio) guztiak planifikatuta zeuden, hortaz.

Idazte prozesuan egin dudan bakarra hezurdura hori mamitzea izan da, haragitzea. Edo beharbada azala ematea, erraiak ere bazituen eta.

Ukitu magikoa, Mediterraneo aldeko giroa, eta, jazarpen agerikoa gorabehera, haurtzaroko eta nerabezaroko inozentzia darie lehen kontakizunei, baina liburuak tragediara jotzen du gero nabarmen, protagonista Euskal Herrira iristearekin edo, nahiago baduzu, Sapri uztearekin bat. Nahita bilatutakoa izan da migrazioaren osteko tonu aldaketa hori?

Haurtzaroan eta nerabezaroan seguruenik inozentzia berezkoa izango da (pertsonongan), baina ipuinak eurak, hots, protagonistaren inguruan gertatzen direnak, ez dira xaloak, inondik inora ere: pertsonak hiltzen dituzte bortxaz, jipoiak daude, odola, botere abusuak…

Egia da, helduarora heltzen denean, Francescok mota guztietako desgraziak pairatu behar izaten dituela eta, seguru antzean, migratzailearen patuarekin oso lotuta daude asko. Dena dela, XIX. mendean (eta lehenago, jakina) zeharo ohikoa zen, egunerokoa, Francescori gertatu zitzaiona.

Guri arrotza eta gogorra egiten zaigu, medikuntzak aurrerapauso handiak eman dituelako, baina ematen du eguneroko ogia zela orduan.

Richard Wagner, Robert Schumann eta Giuseppe Verdi konpositoreek testura jauzi egiten dute, haienganako hurbilketa literario zein biografikoan. Zergatik hiru konpositore horiek eta zergatik bi ertz horietatik begiratu hiruroi?

Beti liluratu izan naute musikari handiek, seguruenik erabat kriptikoa egin izan zaidalako euren sortzeko modua. Musika prestidigitaziotik hurbil dagoen artea iruditu izan zait beti, ez dut harrapatzen baina harrapatzen nau…

Horrezaz gainera, txikitatik izan dut Giuseppe Verdi sortzaile handitzat, haren inguruko telesail bat ikusi nuenetik. Umetan agertzen zen italiarra pantailan, nire adin bera izango zuen seguruena. Handitzen ikusi nuen gero eta, halako batean, jendeak "maisu" esaten zion kalean.

Nire pentsamendua gogoratzen dut: nahiko nuke inoiz, baten batek, behin baino ez bada ere, niri "maisu" deitzea, Verdiri esaten zioten zentzu horretan.

Francescoren inguruan hausnartzen hasi nintzenean, orduan, konpositorea etorri zitzaidan gogora, eta konturatu nintzen nire senitartekoa eta musikaria herrikide eta garaikide izan zirela urte luzez. Ederra iruditu zitzaidan kontrastea.

Hari horretatik tiraka gehitu ziren Wagner eta Schumann.

Irakurleena da jada hainbat urtean zeurean izan den mikromundua. Harritzen zaituzte publikoaren eta kazetarion irakurketek?

Beti harritzen zaitu irakurle edo kazetariren baten irakurketak. Urteak joan ahala, kapaz zara momentu batetik aurrera gehienek zer esango duten aurreikusteko, baina beti dago xehetasunen bat jokoz kanpo uzten zaituena.

Hala ere, dena kontrolatuta daukazula uste duzunean, beti dago interpretazio txundigarriren bat, liburua atzekoz aurrera uzten duena. Eta ederra da hori, pertsona inteligente baten burua martxan jarri duelako testuak, gogoeta egitera eraman duen tripa mugimendu bat egon delako…

Literaturak daukan distirarik handienetako bat da garun bien arteko enkontru hori.

Baduzu beste proiekturik esku artean? Hasi zara paper zuriak zirriborratzen?

Nire hurrengo proiektu handiari ekin baino lehen, saiakera txiki bat idatzi nahiko nuke: Odola kantari gure literatura eta musika ikuskizuna testu osoago moduan eman nahiko nuke. Izan ere, ikuskizunak ordubete irauten du eta kanpoan utzi behar izan ditut gauza asko. Saiakera moduan idazten ari naiz orain, osoago.

Hori bai, gaia hain odoltsua izanda, umorez zipriztindu nahiko nuke (beharrizana ere badela uste dut).

Zer irakurtzen du idazleak? Azkenaldiko zein irakurketak eman dizu arreta eta zergatik?

Horacio Quirogaren ipuin batzuk irakurri ditut eta, idazle horrekin beti gertatu izan zaidan bezala, testu batzuk zoragarriak iruditu zaizkit eta beste batzuk ez ardo ez ur.

Jorge Volpiren En busca de Klingsor edo Benjamín Labatuten Maniac liburuekin ere asko gozatu dut.

Ota Pavelen Carpas para la Werhmacht liburuak barrera eta gogoetara eraman nau, Valeria Luiselliren La historia de mis dientes aztoragarriak bezala.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena