09:56

Literatura

''Ibaiertzeko ipuina''

Oihane Amantegi: "Dolua edo heriotza gozotik hurbil agertu izana eskertu didate"

Natxo Velez | eitb.eus

Bizkaitar idazleak “Ibaiertzeko ipuina” idatzi du, Georgian (AEB) kokaturiko ipuin luzea. Fantasiazko ipuina da eta, aldi berean, pisuzkoa.

  • Oihane Amantegi

    Oihane Amantegiren lehen liburua da "Ibaiertzeko ipuina". Argazkia: De Pedro.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

“Galdu duguna ere bagara”. Alejandro Gonzalez Iñarritu zuzendariak umetxoa zela hil zen semeari idatziriko eskaintza horrek ixten du Amores perros Guillermo Arriagak idatziriko mexikar filma. Eta sentimendu horrek inguratzen du Ibaiertzeko ipuina (Elkar, 2020), Oihane Amantegik (Zornotza, 1985) idatziriko lehen eleberri-ipuina, nortasun handiko lan harrigarri eta gozagarria.

Amantegik Ochlockonee ibaiaren ertzean, AEBko hego-ekialdean, kokatu du absentzia eta dolua ardatz dituen kontakizuna, garai zehaztugabe batean, eta ukitu onirikoz, haur baten ikuspegiaz, musikaz, mitologiaz eta naturaz blaitu ditu liburuaren 100 orrialdeak, idazteko estilo zuzen, zorrotz, fresko eta iradokitzailean.

Zornotzar idazlearekin solastatu gara.

Zerk piztu zuen “Ibaiertzeko ipuina” idazteko gogoa? Non dago liburuaren iturburua?

Gogoa baino gehiago bazen nolabaiteko sentsazio bat –ez neukana oso identifikatuta–, galeratik gertu zegoena; absentziatik eta minetik zeukan. Sentsazio horiei tiraka agertu ziren heriotza eta dolua gai zentral modura, eta horiekin hasi nintzen liburua formalki planteatzen.

Testuratzeko orduan, zer behar zuen zure lehen liburuak zuk nahi zenuena izatera iristeko, harmonikak hasperena bezainbat?

Nik uste haurraren ahotsak eskatzen zuela arreta gehiena nik nahi nuen hori lortzeko; dolua haurraren ahotsean egoki sartzea. Haurraren jolasa behar zuen liburuak, inozentzia, abentura, ikuskera jakin bat.

Eta, harmonikarekin gertatzen den bezala, zerk hauts zezakeen kontaketa? Zer ekiditen saiatu zara?

Behin konturatu nintzenean ahots hori zela liburuan jorratu nahi nuena, hor jarri nuen esfortzu handiena; eta hor banekien kontuz ibili behar nuela, eta kontaketaren lehen pertsona horrek ematen zizkidan aukerak tentuz baliatu behar nituela, haurraren begiradari pisua eman eta, aldi berean, beste gauza batzuk ere kontatzeko.

Oso modu neurritsuan orekatzen dira ipuinaren 100 orrialde eskasetan alde onirikoa, haur ikuspegia, musika, mitologia eta gai potoloak, hala nola heriotza eta absentzia. Bereziki zaindu duzu oreka hori idaztean edo berridaztean? Kimatze lan handia egon da itxurazko soiltasun hori lortzeko?

Bai, zainketa berezia eskatu du oreka horrek. Nik argi neukan heriotza haurraren ikuskeratik kontatu nahi nuela, hor baneukan jada ikusmolde jakin bat; gero, musika, mitologia edo zientziak lagundu didate kontaketa nahi nuen moldean lantzen, beste “ahots” batzuk gehitzen, baina beti haurraren ikusmoldea errespetatuz. Kimatze handia egon da, bai idatzi eta berrikusten joan ahala, bai amaierako idazkia borobiltzeko; izan ere, beren soiltasunean utzi nahi izan ditut elementu gutxi horiek.

 “Tupelo honey” kantuak, berez paperera eramateko hain zaila den gauza batek, toki handia hartzen du istorioan. Zein harreman izan zuten istorioak eta kantuak? Nola agertu zen istorioan edo nola bideratu zuen berori?

Istorioa abestiari esker sortu da nolabait. Hasierako sortze-ariketetan sarri-sarri jartzen nuen abestia, eta esan behar dut hari tiraka —eta hark sortzen zizkidan sentsazioei esker— joan zirela agertzen kontaketa konfiguratu duten elementuak; eta bai, toki handia hartu du azken testuan, prozesuan zehar ere toki asko eman diodalako.

Badira hilabete batzuk liburua atera zela. Zer erantzun jaso duzu irakurleongandik?

Iritsi zaidan erantzuna oso gozoa izan da, oro har; eskertu didate haurraren ikuspuntua, eta eskertu didate dolua edo heriotza gozotik hurbil agertu izana.

Fikzioa idazten jarraitzeko asmorik baduzu? Badarabilzu ezer buruan edo esku artean?

Bai, buruan beti darabilt zer edo zer borborrean; proiektu berri bat dut esku artean, baina oraingoz aurreratzeko gutxi.

Oihane Amantegi, "Ahoz aho" ETB1eko saioan

Durangoko Azoka berezi honetan, zure liburua ere egongo da eskuragarri aurtengo uztaren artean. Zein liburu edo diskok eman dizute arreta azkenaldian? Zer duzu begiz jota Durangon erosteko?

Lorenza Mazzettiren Zerua gainbehera dator, Leire Lopez eta Ibon Rodriguezen Kafe aleak, Lou Topet eta Harkaitz Canoren Abesti bat gutxiago eta Marlik-en Azaletik ezabatu baino lehen nire saskitik oso gertu daude. Ziur gauza gehiago ere gehituko direla.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena