Reala
EA Sports Liga
L.U. | EITB Media
Aritz Elustondok txartel gorria ikusi du 17. minutuan, eta horrek partida erabat baldintzatu du; izan ere, hortik aurrera, Kataluniako taldearen nagusitasuna erabatekoa izan da. Partidako golegileak Gerard Martin, Marc Casado, Ronald Araujo eta Lewandowski izan dira.
Barcelona VS. Real Sociedad Foto: EFE
Realak 4-0 galdu du Bartzelonaren aurka Lluis Companys futbol zelaian, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako hogeita seigarren jardunaldian. Aritz Elustondok txartel gorria ikusi du 17. minutuan, azken gizona zela Dani Olmo lurrera botatzeagatik. Hortik aurrera, Kataluniako taldearen nagusitasuna erabatekoa izan da. Partidako golegileak Gerard Martin, Marc Casado, Ronald Araujo eta Lewandowski izan dira.
Realak presioa eginez hasi du partida, Imanolen taldeak ez baitu bere esentzia galdu nahi izan. Hirugarren minutuan, Realak gola egin du, baina ez da markagailura igo, Sergio Gomezen gola baliorik gabe geratu baita Javi Lopez aurretik jokoz kanpo zegoelako.
Hala ere, dena okertu da txuri-urdinentzat 17. minutuan, epaileak Elustondo kaleratu duenean, etxekoen kontraeraso bat gelditzeagatik, Dani Olmo lurrera bota baitu baloia eskuin oinean itsatsita zuenean.
Etxekoek jokalari bat gehiago izatea baliatu nahi izan dute sailkapenean lider jartzeko, eta 24. minutuan iritsi da blaugranen lehen gola. Lamine Yamalen banakako jokaldi baten ondoren, aurrelariak Dani Olmori eman dio baloia, azken horrek bigarren zutoinera bidali du, eta Gerard Martinek ez du barkatu (1-0).
28. minutuan, Marc Casadok bigarren gola egin du etxeko taldearentzat. Korner batean bisitarien defentsak baloia aldaratu ondoren, Olmok aurrealdetik jaurti du, baloiak area barruan zegoen Marc Casado jo du, eta Remiroren atean sartu da (2-0).
Bigarren zatian, Hansi Flicken taldea geldiezina izan da, eta Araujok etxekoen hirugarren gola egin du 55. minutuan etxekoentzat. Kataluniako taldearen aldeko korner bat Lewandowskik buruz errematatu du, Remirok atera du, baina aldaratzea Araujori erori zaio, eta ez du barkatu hirugarren gola egiteko (3-0).
Lau minutu geroago, Lewandowskik bere 34. gola sartu du, Araujok area barruan egindako jaurtiketa desbideratuta (4-0).
Talde txuri-urdinak ez du Bartzelonaren atera heltzeko aukerarik izan, eta Barçak beste gol bat ere egin ahal izan du, baina Lewandowski eta Ferran Torres ez dira fin aritu ate aurrean errematatzeko orduan.
FITXA TEKNIKOA
4 - Bartzelona: Szczesny; Kounde, Araujo (Héctor Fort, 76. min), Cubarsi (Eric, 59. min), Gerard Martin; Casado, Pedri (De Jong, 59. min); Lamine Yamal, Olmo (Fermin, 71. min), Raphinha (Ferran, 59. min); eta Lewandowski.
0 - Reala: Remiro; Aramburu (Traore, 65. min), Aritz Elustondo, Zubeldi, Javi Lopez; Zubimendi (Turrientes, 46. min), Olasagasti (Martin, 20. min), Pablo Marin; Barrenetxea (Mariezkurrena, 46. min), Oskarsson (Muñoz, 77. min) eta Sergio Gomez.
Golak: 1-0 (25. min), Gerard Martin. 2-0 (29. min), Marc Casado. 3-0 (56. min), Araujo. 4-0 (60. min), Lewandowski.
Epailea: Quintero Gonzalez. Txartel gorria atera dio Aritz Elunstondori (17. min).
Hurrengo zuzenekoak
29 | 15:10 - 17:15 | ERREMONTEA | Berria Txapelketako finala: Goikoetxea V-Goikoetxea VI vs Guurutxaga-Eskudero |
29 | 17:05 - 20:00 | PILOTA | B Serieko Buruz Burukoaren atarikoa: Agirre vs Senar |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa