Reala
Errege Kopako finalerdia
EITB MEDIA
Partidan, Realak eta Mallorcak bana egin dute, Gio Gonzalezek eta Mikel Oyarzabalek golak sartuta. Lehen zatian, Brais Mendezek penalti bat jaurti du, baina Greif atezainak gelditu egin dio. Penalti jaurtiketetan, Mikel Oyarzabalek ezin izan du berea gauzatu.
Bideoak (8)
Realaren eta Mallorcaren arteko Errege Kopako kanporaketako itzuliko partidaren laburpena…
Imanol: ''Horrelako porrota jasotzeak, zaleen aurrean, min ematen du''
Realak ezin izan du 2023-24 denboraldiko Errege Kopako finalerako sailkatu, Mallorca aurkari penalti jaurtiketetan galduta, asteartean, Reale Arenan. Finalerdietako itzuliko partida bana amaitu da; Gio Gonzalezek aurretik jarri du Mallorca, 50. minutuan, eta Mikel Oyarzabalek berdindu egin du, 71.ean. Mallorcako atezain Dominik Greif giltzarria izan da, itzuliko norgehiagoka honetan bi penalti gelditu egin baititu: bata, partidan zehar, 45. minutuan, Brais Mendezi, eta bigarrena txanda erabakigarrian, Mikel Oyarzabali, Realaren aurreneko jaurtiketan.
Guztiz garrantzitsua zen norgehiagoka, Anoetako historiako garrantzitsuenetakoa. Realaren hasierako hamaikakoan, ez da ustekaberik izan. Arsen Zakharyan, zelai erdian, eta Hamari Traore, atzealdeko eskuineko hegalean, titular izan dira; biek ala biek berdegunea utzi behar izan zuten ostiralean, Vila-realen aurkako neurketan. Andre Silva eta Take Kubo jarri ditu Imanolek aurrealdean, eta, bitartean, Mikel Oyarzabalek aulkian ekin dio partidari. Mallorcaren aldetik, Javier Aguirrek Abdon Prats eta Cyle Larin kokatu ditu erasoan.
Donostiako zelaian giro ikusgarria zegoela, Realak zazpigarren minutuan egin du aurreneko errematea, korner batean, Igor Zubeldiaren bidez; baloia kanpora joan da, atzelari batek jo ostean, nahiz eta epaileak ez duen hori ikusi. Talde txuri-urdina ondo sartu da partidara, sendo, burua hotz baina hankak bero. Laster bereganatu du baloia Gipuzkoako taldeak, eta zelai erdia berehala eskuratu dute Imanolen gizonek.
Tentsioa eta urduritasuna, parekatua izan den lehenengo zatian
Mallorcak 13. minutuan izan du lehenengo aukera, erasoan ondo egindako jokaldi batean; Dani Rodriguezek jaurti du, area ertzetik, ezkerretik, eta baloia desbideratuta joan zaio. Reala jokoari abiadura ematen ari zen saiatzen, partidako aurreneko laurdena betetzear zegoela. Take Kubok, 20.enean, ondo egin du aurrera, Mallorcako Copetek elastikotik heldu dio, eta Gil Manzano epaileak txartel horia atera dio bisitarien atzelariari. Tentsioa eta urduritasuna nagusi ziren Anoetan; inork ez zuen hutsik egin nahi, eta minutuak aurrera zihoazen, gola sartzeko moduko abagune argirik gabe.
29. minutuan, Zakharyanek, areaz kanpotik, atera zuzendutako lehen jaurtiketa egin du, eta Greif Mallorcako atezainak ondo gelditu du. Ezkerreko hegalean, Javi Galan bizi-bizi ari zen jokatzen, azkar eta trebe; handia zen lehia berdegunean, eta zulotxo bat agertzen zen bakoitzean hainbat jokalari zihoazen segituan hori ixten ahalegintzeko. 39. minutuan, Pratsek, area ertzetik, ezkerrez jaurti du, eta kanpora joan zaio, jokaldi arriskutsu batean. Realak baloia zuen, Mallorcak baino askoz gehiago, baina Javier Aguirreren gizonak, lehen zatiko azken minutuetan, pixka bat hasi dira gerturatzen Remiroren inguruetara, argitasun handirik gabe izan bada ere.
44. minutuan, gakoa izan zitekeen jokaldi bat izan da. Realak jokaldi polita egin du eskuinaldetik, Zubimendik erdiratu eta baloiak, area barruan, Raillo Mallorcako kapitainaren besoan jo du, argi eta garbi. Gil Manzanok ez du zalantzarik izan, eta penaltia adierazi du. Braisek hartu du jaurtitzeko ardura, eta erdilari galiziarrak erdira bota du, behetik, gogor, baina Greifek ondo asmatu du zer egin behar zuen Realeko jokalariak, eta geldiketa ona egin dio. Segituan amaitu da lehen zatia, markagailua 0-0 zihoala, hortaz.
Mallorcak aurrera hartu du, eta Oyarzabalek banakoa egin
Atsedenaldia bukatuta, Imanolek Sheraldo Becker zelairatu du, Andre Silvaren ordez. Realaren asmoa izan da jokoari bizitasuna ematea bigarren zatiko lehen minutuetatik. 50. minutuan, baina, Mallorcak 0-1ekoa sartu du, erasoko jokaldi on batean; alboko sake batean, baloia Jaume Costari iritsi zaio, ezkerretik, eta atzelariak erdiraketa oso egokia egin du, penalti puntura; bertan, Gio Gonzalez uruguaiarra buruz sartu da, bakarka eta indar handiz, eta ezin hobeto gurutzatu du baloia, gola lortzeko. Epaileek jokaldia berraztertu dute, jokaldiaren hasieran Larinek jaso baitu baloia, eta aurrelariaren posizioa oso gutxigatik ez zen jokoz kanpokoa.
Gola jaso eta berehala, Reala buru-belarri hasi da berdinketaren bila. Traorek eta Kubok, eskuinaldetik, aurrerapausoa eman dute, eta aurkaria atzera egin behar izan du. Galanek gutxigatik jaurti du kanpora, goitik, jokaldi batean, eta Anoetako zaleek are indartsuago berrekin diote taldea bultzatzeari.
Partidako lehenengo ordua beteta, Aguirrek Muriqi zelairatu du, Pratsen ordez, Mallorcan, eta, Realaren aldetik, Mikel Oyarzabal Zakharyanen ordez irten da. Larin, 64. minutuan, bakarka gelditu da Remiroren aurrean, eta kanpora bota du, baina jokaldia ez zen balekoa, kanadiarra jokoz kanpo irtenda baitzen. Susto handia hartu du Realak, baina markagailua ez da aldatu.
71. minutuan, Realak banakoa sartu du, Oyarzabalen bidez. Jokaldi ederra izan da. Braisek egin du aurrera, indartsu, eta pase sakon oso polita eman dio kapitainari; eibartarrak, eskuinez, area barrutik, ez du barkatu, eta 1-1ekoa jarri du. Anoetak eztanda egin du; kanporaketa berriro ere zegoen berdinduta.
Beckerrek, 78. minutuan, gertu izan du Realaren bigarren gola; ezkerretik bikain sartu da, eta eskuinez trebetasun handiko jaurtiketa egin du. Greifek kornerrera bidali du. Realak ez zuen luzapenik nahi, Mallorca baino gehiago zen, eta Anoetako zaleak etengabe ari ziren jokalari txuri-urdinak gora eramaten.
Azken txanpan, berdegunean zeuden jokalariak eta zelaian izan diren zale guztiak erabat urduri zeudela, Mallorcak aukera ona izan du, kontraeraso batean, baina Realaren aurkariak ezin izan du errematea ondo zuzendu. Realak hainbat korner izan ditu alde, baina ez du arrisku handiegirik sortzerik izan, Aguirreren gizonak ondo itxita baitzeuden. Horrenbestez, kanporaketa luzapenera joan da.
Tierneyk, gola oso gertu
Luzapeneko bosgarren minutuan, jokaldi oso eztabaidagarria izan da Mallocaren arean. Aldaratze bat jasota, Tierneyk ezkerkada bikaina bota du, atetik oso gertutik, eta baloia zuzen-zuzenean Samu jo du, atepean, barrura zihoala. VARek minutu batzuk eman ditu aztertzeko Mallorcako jokalariak barrutik atera duen baloia ala ez, eta, azkenean, erabakia Realaren kontrakoa izan da.
Tentsioa ikaragarria zen Anoetan, luzapeneko bigarren zatia hasi denean. Norgehiakokak, emozio handiaz gain, bizitasuna zuen, eta inpresioa zen bi taldeek zutela gola jomugan. Nekeagatik edo, partida ireki egin da nolabait, puntu horretan. Berehala ikusi ahal izan dugu, dena den, lehiak estu-estu jarraitzen zuela, baina ez da gol aukera argirik izan, partidako ia-ia bi ordu pasata. Bazirudien Mallorcak Realak baino gehiago zituela penaltiak helburu; egia esan, jokalari guztiak zeuden leher eginda. Azkenen, kanporaketa eta lehenengo finalista penaltietan ebatzi da.
Penalti jaurtiketetan, aurreneko txanda izan da giltzarria. Horretan, Mikel Oyarzabalek ezin izan du Greif gainditu; Mallorcako atezainak egindako geldiketa on horrek erabat baldintzatu du azken emaitza, gainerako jokalariek asmatu egin baitute. Turrientesek, Olasagastik, Zubimendik eta Beckerrek ez dute hutsik egin, Muriqik, Morlanesek, Mascarellek, Radonjicek eta Darderrek ere egin dutenez; ondorioz, Mallorcak erdietsi du sailkatzea, finalerako.
Fitxa teknikoa
1 - Reala: Remiro; Traora, Zubeldia, Le Normand, Galán (Tierney, 91. min); Zubimendi, Merino (Olasagasti, 104. min), Brais (Turrientes, 79. min); Kubo (Sadiq, 104. min), Silva (Becker, 46. min) eta Zakharyan (Oyarzabal, 63. min).
1 - Mallorca: Greif; Gonzalez, Valjent, Raillo, Copete, Costa (Lato, 98. min); Samu (Mascarell, 106. min), Sanchez (Morlanes, 72. min), Rodriguez (Darder, 99. min); Prats (Muriqi, 62. min) eta Larin (Radonjic, 106. min).
Golak: 0-1, 50. min: Gonzalez; 1-1, 71. min: Oyarzabal.
Epailea: Jesus Gil Manzano (Extremadurako Batzordea). Realeko Le Normand eta Mallorcako Copete, Costa eta Muriqi zigortu ditu, txartel horia ateraz.
Gertakizunak: Errege Kopako finalerdietako partida. Reale Arenan jokatu dute, eta 35.781 zale izan dira zelaian.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa