23:01

Futbola

EA SPORTS LIGA

Realak Athletic gainditu du derbi bizi batean (3-0)

I. G. | EITB Media

Robin Le Normand, Take Kubo eta Mikel Oyarzabalen golek garaipena eman diote talde gipuzkoarrari, nagusi izan dena zelaian.

  • Le Normandek lehen gola sartu duen unea. Argazkia: EFE

    Le Normandek lehen gola sartu duen unea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak irabazi du larunbat honetan Reale Arenan Athletic Cluben aurka EA Sports Ligako zortzigarren jardunaldian jokatutako euskal derbia. Robin Le Normand, Take Kubo eta Mikel Oyarzabalen golek garaipena eman diote talde gipuzkoarrari (3-0), nagusi izan dena zelaian.

Bi taldeek sailkapenaren goiko aldean kokatuta egin diote aurre partidari: Athletic laugarren, 14 punturekin, eta Reala seigarren, 12 punturekin. Beraz, bi taldeen helburua irabaztea zen, taularen goiko aldean finkatzeko.

Txuri-urdinen eta zuri-gorrien artean Anoetan jokatutako azken derbien estatistikak Realaren aldekoak ziren erabat, Athletic ez baita gai izan Realaren etxean irabazteko aurreko sei derbietan.

Zaleen aurrean jokatu duen Realak nagusitasun handiagoz ekin dio partidari, ondo defendatu den eta jokaldiak bukatzea saihestu duen Athleticen area erasoz. Sadiqek eta Takek Vivian eta Yerayren aurka izandako lehiak protagonismoa hartu du lehen minutuetan.

Athletic presioa egiten hasi da, eta horrek lagundu egin die baloiak lapurtzen eta etxekoen area erasotzen. Hala ere, Gipuzkoako taldeak jokoaren kontrola mantentzen jarraitu du.

Tierneyk zelaia utzi behar izan du 20 minuturen buruan lesionatu ostean. Realaren fitxaketak ziztada bat nabaritu du lasterketa batean eta lurrera bota da aldaketa eskatzeko. Aihen Muñozek ordezkatu du.

Partida hasi eta ordu erdira iritsi da partidako lehen gola, Robin Le Normanden eskutik. Talde txuri-urdinak falta bat atera du Athleticen areara eta errebotea eman du talde bilbotarraren bi defentsetan. Erdiko atzelaria azkar ibili da aldaratzea harrapatu eta bere taldea aurreratzeko (1-0).

Guruzeta kontrako golari erantzuten saiatu da area ertzetik egindako burukada batekin, baina gora joan zaio gutxigatik. Iñaki Williamsek ere barkatu egin du gola bere anaiaren erdiraketa ondo ez errematatzeagatik.

Realak izan ditu aukerarik argienak lehen zatiaren amaieran, baina ez da azken metroetan min egiteko gai izan.

Iñakik aukera argia izan du bigarren zatia hasi eta berehala, baina bere jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Aukera aprobetxatu duena Take Kubo izan da. Braisen pasearen bila joan, eta, bakar-bakarrik, gola nahi bezala sartu du abantaila handitzeko (2-0).

Muniainek ere ezin izan du gola sartu Remiroren aurka aurrez-aurre egonik. Atezainak ondo atera du hanka, bisitarien gola saihesteko.

Etxekoek erabakita utzi dute partida hirugarren golarekin. Zubimendik urrutira ikusi du Oyarzabal eta zelai erditik zulorako pasea jarri dio aurrelaria Unai Simonengandik joan eta gola sartzeko (3-0).

Athleticek golaren bila jarraitu du emaitza makillatzeko, eta Realak zaurian sakontzeko aukeraren bat izan du. Baina markagailua ez da mugitu eta Realak derbia irabazi du.

Fitxa teknikoa

3 - Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand (Pacheco, 61. min), Tierney (Aihen, 26. min); Zubimendi, Merino (Turrientes, 81. min), Brais; Kubo, Sadiq (Silva, 61. min) eta Barrenetxea (Oyarzabal, 61. min).

0 - Athletic: Simon; De Marcos, Vivian (Paredes, 75. min), Yeray, Yuri; D. Garcia, Herrera (Prados, 72. min), Muniain (R. Garcia, 71. min); I. Williams, Guruzeta (Villalibre, 46. min) eta N. Williams (Berenguer, 64. min).

Golak: 1-0, 30. min: Le Normand. 2-0, 48. min: Kubo. 3-0, 66. min: Oyarzabal.

Epailea: Jesus Gil Manzano. Txartel horia atera die Merino, Zubeldia, Herrera eta Vivian jokalariei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 16:00 - 17:00 AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak
    22 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena