23:03

Futbola

EA Sports Liga

Athletic sendoago batek irabazi du Alavesen aurkako derbia Mendizorrotzan (0-2)

I. G. | EITB MEDIA

Bilboko taldea nagusi izan da eta hiru puntuak eskuratu ditu Iñaki Williamsen eta Oihan Sanceten golei esker. Babazorroei, berriz, asko kosta zaie Unai Simonen atea aurkitzea.

  • Alaves eta Athleticen arteko derbia. Argazkia. EFE

    Alaves eta Athleticen arteko derbia. Argazkia. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek irabazi du ostiral honetan Alavesen aurka jokatutako euskal derbia (0-2), Gasteizko Mendizorrotza futbol zelaian, EA Sports Ligako seigarren jardunaldiari hasiera eman dion partidan. Bilboko taldea nagusi izan da eta hiru puntuak eskuratu ditu Iñaki Williamsen eta Oihan Sanceten golei esker. Babazorroei, berriz, asko kosta zaie Unai Simonen atea aurkitzea.

Berenguer izan da gola bilatzen lehena urrutiko jaurtiketa batekin, eskuadraren bila, baina baloia gora joan zaio. Alavesek erantzun bikaina eman dio Kike Garciak gutxigatik harrapatu ez duen erdiraketarekin, erritmo bizia izan duen neurketako lehen minutuetan.

Berdintasuna izan da protagonista nagusia lehen zatian. Bi taldeek aurkariaren area erasotu dute, baina inork ez du min egiteko gakoa aurkitu, 18. minutuan Iñaki Williamsek markagailua ireki duen arte bisitarientzat. Vesgak baloia jaso du eta pase ona sartu du Williamsek Sivera behetik gainditzeko (0-1).

Hagi saiatu da barbazorroentzako markagailua berdintzen eskuinetik egindako jaurtiketa indartsu baten bidez, baina sarearen albotik joan da.

Kike Garciak eta Alex Solak sortu dute arrisku gehien Alavesen aldetik lehen zatian, batez ere urruneko jaurtiketekin, eta Athleticen Sancet funtsezkoa izan da hainbat jokalditan. Izan ere, jokalari nafarrak bigarren gola egin zezakeen lehoientzat, errematatu behar zuenean estropezu egin ez balu.

Sancetek eta Vivianek lehen zatiko azken abaguneak izan dituzte, lehenengoak gora joan den jaurtiketa batean eta bigarrenak langara joan zaion burukada batean.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Luis Garcia Plazak lehen aldaketak egin behar izan ditu bere taldean, Duartek ezin izan baitu jokatzen jarraitu min hartuta. Carballo sartu da haren ordez, eta Guridi ere sartu da Benavidezen ordez.

Athleticek nagusi izaten jarraitu du bigarren zatian. Bilboko taldea erasokorragoa izan da eta markagailua handitzea izan du helburu. Dena alde utzi dion pase baten ostean egin ahal izan du Vesgak, baina jaurtiketa oso ahul atera zaio atezainaren eskuetara.

Solak proban jarri du berriro Unai Simon area kanpotik egindako jaurtiketa indartsu batekin, Kike Garciaren jokaldi huts baten aldaratzea jaso ondoren. Asmoa ona zen, baina Bilboko atezainak ondo gelditu du.

Arabarren erasoaldiaren ondoren iritsi dira Ernesto Valverderen taldearen lehen aldaketak. Muniain, Villalibre eta Yeray sartu dira Berenguer, Guruzeta eta Paredesengatik. Alavesek ere aldaketa gehiago egin ditu, Rebbach eta Omorodion Hagi eta Solaren ordez sartuz.

Etxeko taldeak jokaldi gehiago lotu ditu aldaketekin, eta, beste behin, Kike Garciak beldurra sartu dio Athletici, Simoni baloia hanken artean sartzen saiatu baita.

Ia jarraian, Iñaki Williamsek bere bigarren gola sartzeko aukera izan du, Sancetek atzera pasea eman ostean, baina, dena alde zuela, bere jaurtiketa harmailetara jaurti du.

Eta kolpe truke horretan, Sancetek Athleticen bigarren gola sartu du. Williamsek arearaino gidatu du baloia eta taldekideari itxaron dio atzera pasea egiteko eta honek jaurtiketa on batekin baloia sarera bidaltzeko (0-2).

Azken minutuetan Alaves erasokorragoa izan da eta partida berreskuratzen saiatu da, baina Athletic ondo defendatu da derbia eta hiru puntuak bereganatzeko.

Fitxa teknikoa

0- Alaves: Sivera; Gorosabel, Abqar, Sedlar, Duarte (Javi Lopez, 48. min); Benavidez (Guridi, 48. min), Guevara, Rioja (Alkain, 84. min), Sola (Abde, 66. min), Hagi (Samu, 66. min); eta Kike García.

2- Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes (Yeray, 71. min), Yuri (Lekue, 82. min); Vesga, Galarreta (Dani Garcia, 82. min); Iñaki Williams, Sancet, Berenguer (Muniain, 64. min); eta Guruzeta (Villalibre, 71. min).

Golak: 0-1, 19. min: Williams. 0-2, 76. min: Sancet.

Epailea: Muñiz Ruiz. Txartel horia atera die García Plaza entrenatzaileari eta Abqar, Berenguer eta Yuri jokalariei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    13 22:15 - 23:15 ''Harri Herri'' saioren denboraldi berria

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena