23:05

Futbola

Santander Liga

Realak eta Athleticek bana berdindu dute geldikako jokaldiak baliatuta (1-1)

A. A. | EITB MEDIA

Txuri-urdinek aurrea hartu dute bigarren zatian, Isakek penaltiz sartutako golaren bidez, baina Muniainek, Remiroren hutsa baliatuta, markagailua orekatu du 93. minutuan, falta jaurtiketa batean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak eta Athleticek berdinduta amaitu dute Reale Arenan jokatu den euskal derbia, Santander Ligako 12. jardunaldian (1-1). Txuri-urdinek aurrea hartu dute bigarren zatian, Isakek penaltiz sartutako golaren bidez, baina Muniainek, Remiroren nahigabeko laguntzarekin, markagailua orekatu du 93. minutuan, falta jaurtiketa batean.

Euripean jokatu den neurketaren aurretik, Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslariak lepo zeuden harmailetako giroa berotzen lagundu du zenbait abestirekin. Izan ere, 37.066 ikusle bertaratu dira Realaren zelaira, marka berria ezarriz.

Zuri-gorriak oso ondo zelairatu dira, eta bigarren minutua bete orduko aukera paregabea izan du Williamsek, sakonean bidali dioten baloi batean. Aurrelari bilbotarrak ihes egin die Realeko atzelariei, Remiroren irteera gainditu du, eta baloia sareetara bidaltzeko oztoporik ez zuela zirudien, baina Aritz Elustondo azaldu da azken hatsean arriskua uxatzeko.

Ekintza horretan, Beasaingo atzelariak penalti egin diola protesta egin du Williamsek; alabaina, epaileak zein VARak Elustondok lege onean aldendu duela uste izan dute.

Hasiera bizi horren ostean, zuri-gorriek ekinean jarraitu dute hurrengo minutuetan, baina gerora norgehiagoka orekatu egin da. Etxekoak baloiaz jabetu dira, eta derbian agintzeari ekin diote, Marcelinoren mutilek baloi ugari galtzen zituzten bitartean.

Baloi-galdu horietako batean, kontraeraso azkarra antolatu dute donostiarrek 18. minutuan, Isakek area barrutik jotako zartako gogor batekin bukatu dena, baina suediarraren ahalegina kornerrera aldendu du Simonek, arazo batzuekin izan bada ere.

Jokoaren ekimena Realarena zen, eta bilbotarrek nahikoa lan zuten defentsan akatsik ez egitearekin; ondorioz, Remiroren atera arriskurik eramateko gaitasun gutxi agertu dute tarte horretan. Dena den, bi taldeen artean zuhurtzia zen nagusi gehien bat, eta lehia trabatu egin da.

Hala, 20 minutu igaro behar izan dira derbiko hurrengo abagune arriskutsua gerta zedin. Donostiarrek beste baloi bat lapurtu dute, eta berriz ere Isaki iritsi zaio. Oraingo horretan, areaz kanpotik saiatu da, zelaiaren abiadura baliatzeko asmoz; hala ere, pozoiz beteriko bere jaurtiketa kornerrera aldendu du bigarrenez Simonek.

Jarraian, Williamsen txanda heldu da minutu bat geroago (39. minutua), baina aurrelari nafarrak baino iaioago jardun du Elustondok bigarrenez, eta arriskua ezerezean geratu da.

Bigarren zatiari ere ederto heldu diote zuri-gorriek, gola sartzeko zorian egon baitira Raul Garciak area barrutik jotako burukada bat zela medio, baina Alex Remirok erantzun aparta eman dio Zizur Nagusiko erdilariari.

Ondoren, etxekoen erantzuna etorri da. Jokaldi luze bat antolatu dute, Silvak amaitu duena, baina kanariarraren boleakada desbideratuta joan da (50. minutua).

Bost minutu geroago Realak gola egin du penaltiz. Iñigo Martinezek falta argia egin dio Mikel Merinori area barruan, eta epaileak ez du zalantzarik izan. Isakek hartu du hura botatzeko ardura, eta suediarrak ez du hutsik egin (58. minutua).

Gola jaso eta uneko beheraldi txikia gainditu ostean, zuri-gorriek aurrera pausoa eman dute berdinketaren bila, eta hura lortzetik gertu egon dira 68. minutuan. Williamesek erdiraketa bikaina jarri du ezker hegaletik bigarren zutoinera, eta handik agertu den Berenguerrek buruz egindako errematea kornerrera bidali du txuri-urdinen atezainak.

Marcelinok Oihan Sancet zelairatu du Raul Garciaren ordez, eta horrek bizitasun gehiago eman dio bizkaitarren jokoari. Norgehiagoka zoratu egin da une batez, eta batak zein besteak hurbilketak pilatu dituzte aurkariaren area inguruetara, baina eraginkortasunik gabe.

Gerora, 85. minutuan, zuri-gorriak hamarrekin geratu dira, Iñigo Martinezek bigarren txartel horia ikusi baitu. Ondarroako atzelariak eskuarekin jo du Isaken aurpegian, eta epaileak horiarekin zigortu du ekintza hori. Atzelari bilbotarrak bazeukan beste hori bat aurretik, penaltia egin duenean ikusi duena.

Jokaldi horren ostean, derbia erabakita zegoela ematen zuen, baina epaileak bost minutuko luzapena ezarri du, eta bilbotarrek berdinketa erdiesteko baliatu dute. Muniainek atera bideratu du Realaren ezker hegaletik atera duen falta bat, eta Remirok bere ate barrura desbideratu du baloia, kornerrera bidali nahi zuenean (92. minutua).

Fitxa teknikoa:

1- Real Sociedad: Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Rico (Muñoz, 78. min); Zubimendi, Silva (Guevara, 78. min), Merino; Isak (Lobete, 85. min), Sorloth (Portu, 65. min), Januzaj (Zubeldia, 78. min).

1- Athletic: Simón; De Marcos (Nico Williams, 78. min), Álvarez, Íñigo Martínez, Lekue; Muniain, Berenguer (Petxarroman, 78. min), Dani García (Nuñez, 86. min), Vencedor; Raúl García (Sancet, 65. min), Iñaki Williams.

Golak: 1-0, 57. min: Isak. 1-1, 92. min: Muniain.

Epailea: Martínez Munuera. 84. minutuan Iñigo Martinez kaleratu du, bigarren txartel horia atera ostean. Txartel horiak: Isak, Januzaj, Merino, Guevara eta De Marcos.

Gorabeherak: 37.066 ikusle Reale Arena futbol-zelaian, marka berria.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena