Futbola
Igandean, 21:00etan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Txuri-urdinak txapelketako liderrak dira 24 puntu pilatu ostean; zuri-gorriak, aldiz, zortzigarren tokian daude kokatuta 17 punturekin, baina Europako postuak gertu dituztela.
Martin Zubimendi eta Iker Muniain, joan zen denboraldiko derbian. Argazkia: EFE
Albisteak (3)
Bideoak (4)
Igande honetan Reale Arenak hartuko duen euskal derbian oso sasoiko dauden bi talde izango dira aurrez aurre. Alde batetik, errendimendu aparta eskaintzen ari den eta merezimendu osoz LaLigako liderra den Reala dago; beste aldetik, berriz, joko eta emaitza aldetik bolada onean dabilen Athletic izango du aurkari, sailkapeneko goiko postuen bila.
Etxean galtzea zer den ez dakien Realak ezin izango du min hartuta segitzen duen Mikel Oyarzabal zelairatu; alabaina, urrian zehar ikusgarri ibilitako Alex Isak aurrelari suediarra sasoiko dauka talde txuri-urdinak, eta hori baliatu nahi du, besteak beste, lidergoan jarraitzeko, datorren ostegunean, Sturm Grazen aurka, Europa Ligan aurrera egiten jarraitzeko dituen aukeretako asko jokoan izan baino lehen.
Isakek hilabete bikaina bete du, golak sartu baititu bai bere selekzioarekin, bai Realarekin Europan, eta azkenerako baita LaLigan ere, Celtaren aurka aurreko jardunaldian erakutsi zuen legez (0-2).
Matthew Ryan atezain australiarrak partida berean egindako lan bikainak zalantza sortzen du atepean nor jarriko duen Imanol Alguacilek. Dena den, postu horretan Alex Remirok esperientzia du horrelako derbietan, eta atezain txuri-urdin gisa orain arte egiten ari den denboraldirik hoberenean abantaila izan dezake Ryanen aurretik.
Erasoko jokalariei dagokienez, Sorloth eta Isak erraldoiak zelairatzearen aldeko hautua egin dezake Imanolek; dena den, Januzaj edo Barrenetxea trebeek ere, aukerak dituzte hasieratik aritzeko, nahiz eta azken hori lesio batetik atera berria den.
Zuri-gorriak Europara begira
Bestalde, azken hiru partidatan zazpi puntu lortu ondoren, bilbotarrak Europako postuetatik oso gertu daude, Europa Ligatik bi puntura eta Txapeldunen Ligatik, laura.
Marcelino Garcia Toralek zuzentzen duen taldea erakusten ari den jokoa da jarraitzaile zuri-gorrien artean ilusioa pizten duena, emaitza bolada on horrek bezalaxe, jokatutako hamar partidetan lehia bakarra galdu baitu.
Aukera asko sortzen dituen joko arin eta bertikala egiten dute bilbotarrek. Era horretan gainditu zuten duela astebete Vila-real San Mamesen (2-1). Asteartean, berriz, Cornella-El Prat zelaian, goitik behera nagusitu ziren Espanyolen aurka, baina banako berdinketaren konformatu behar izan zuten (1-1), Diego Lopez katalanen atezainaren jardun ikusgarriagatik, eta aurrelari zuri-gorriek erakutsitako eraginkortasun faltagatik.
Zapore on horrekin bisitatuko du Athleticek Reale Arena, etxetik kanpo galdu gabe seigarren partida kateatzeko prest. Martxa ederra darama bisitari gisa, ez baitu galdu oraindik Bilbotik urruti, hori bai, garaipen bakarra erdietsi du.
Yeray Alvarezek aste honetan aitortu duenez, Athletic Kopako finaleko "erreminarekin" joango da partidara. Porrot horrek min handia eragin zuen Bilbon, eta hura atzen utzi nahi dute nolabait bizkaitarrek Reale Arenan irabazita. Izan ere, aurreko denboraldian ezin izan zuen helburu hori lortu, finala jokatu eta lau egunera lehiatu zen euskal derbian. Zuri-gorriak aurretik jarri ziren, baina neurketaren luzapenean Unai Simonek eta Unai Nuñezek defentsan egindako akats larri batek zapuztu egin zuen haien xedea (1-1).
Marcelinok Iñigo Martinez jokatzeko moduan izango du, asteartean azken orduko baja izan ostean, sabeleko arazoengatik; ez, ordea, giharretako lesioa duen Daniel Vivian, Yerayren ordez hain ondo jokatzen ari zen erdiko atzelari gaztea. Barakaldoko erdiko atzelaria, hala ere, sendatuta dago denboraldiaurretik min hartuta egon ostean, eta Espanyolen aurka maila oso onean agertu zen.
Balizko hamaikakoak:
Real Sociedad: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Muñoz; Zubimendi, Silva, Merino; Isak, Sorloth edo Januzaj eta Portu.
Athletic: Unai Simón; Lekue, Yeray, Íñigo Martínez, Balenziaga; Berenguer, Vencedor, Dani García, Muniain; Raúl García eta Iñaki Williams.
Epailea: Juan Martínez Munuera.
VAReko epailea: Ignacio Iglesias Villanueva.
Futbol-zelaia: Reale Arena (Igandean, 21:00etan).
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa