Athletic club
EA SPORTS LIGA
G. P. A. | EITB MEDIA
Jagoba Arrasateren taldea jarri da aurretik markagailuan, Raillok bigarren zatian buruz gol ederra eginda. Nico Williamsek bi minutu geroago sartu du berdinketaren gola, baina Athleticek ez da gai izan emaitza iraultzeko.
Iñaki Williams. Argazkia: EFE
Athleticen eta Mallorcaren arteko partida bana amaitu da, San Mamesen. Talde zuri-gorriari asko kostatu zaio bere ohiko jokoa egitea, eta, horrenbestez, ezin izan ditu baliatu Atleticoren eta Vila-realen porrotak, sailkapeneko hirugarren tokira hurbiltzeko, eta datorren denboraldian Txapeldunen Ligan izateko lehian atzetik datozkion taldeekin aldea handitzeko.
Jagoba Arrasateren taldeak, berriz, maila ona eman du, eta Athletici asko zaildu dio jokoa. Horrela, bada, zelaian ikusitakoa aintzat hartuta, esan daiteke berdinketa bidezkoa dela.
Europa Ligako kanporaketak erabat baldintzatu du Mallorcaren aurkako partida. Horrela, Ernesto Valverdek goitik behera aldatu du hamaikakoa: zortzi jokalari aldatu ditu, joan den ostegunean Erroman hasieratik jarritako taldearekin alderatuta, eta Peio Canales gaztea ere zelairatu du.
Aldaketak aldaketa, talde zuri-gorriak ohiko indarrarekin ekin dio neurketari, eta Nico Williamsen abiadura eta kalitatea baliatuta saiatu da Jagoba Arrasateren taldeari min egiten.
Alabaina, laster trabatu dira Athleticen jokalariak. Ez dira gai izan baloia zelai erdian azkar mugitzeko, ezta Greifen ate inguruan gol aukera garbiak sortzeko ere.
Mallorca, berriz, eroso egon da zelaian. Ondo eutsi dio Bilboko taldeari, eta aurrerapausoa eman duenean, determinazio handiz bilatu du Unai Simonen atea.
Lehen zatia erritmo nahikorik gabe jokatu da, eta horrek Mallorcako taldeari egin dio mesede; ez, ordea, Valverderen taldeari.
Atsedenaldiaren ostean, baina, egoera erabat aldatu da, eta bigarren zatiaren hasiera bizitasun handikoa izan da. Mallorca aurretik jarri da markagailuan, Raillok buruz gol ederra eginda. Baloia Unai Simonen atearen txoko-txokotik sartu da sarean.
Hala ere, Athleticek azkar erreakzionatu du, eta Nico Williamsek bi minutu geroago sartu du berdinketaren gola, buruz, Gorosabelek eskuin hegaletik egindako erdiraketa aprobetxatuta.
Bigarren zatian, Iñaki Williams eta Sannadi zelairatu ditu Valverdek, Peio Canales eta Gorka Guruzetaren ordez. Aldaketak eginda, eta gola sartuta, Athleticek arnasa hartu du, eta pixka bat hobetu du jokoan. Alabaina, Mallorcak ondo eutsi dio.
Azken txanpan, neurketa hautsi egin da. Samu Costak 1-2k egiteko aukera izan du, baina baloia kanpora bota du, penalti puntutik jaurtita. Iñaki Williamsek erantzun du, eta bere jaurtiketa ere kanpora joan da, oso gutxigatik izan bada ere.
Nico, Sannadi eta Unai Gomez ere ahalegindu dira gero, baina alferrik. Mallorcaren aldetik, Raillok ikara eragin du berriro, beste burukada batekin.
Edonola ere, ez da gol gehiagorik izan, eta bi taldeek onartu dute berdinketa, zelaian gertatutako ikusita.
FITXA TEKNIKOA:
1 - Athletic Club: Unai Simon; Gorosabel, Yeray, Paredes (Nuñez, 57. min), Adama (Lekue, 78. min); Prados, Vesga; Iñaki Williams, Canales (Iñaki Williams, 54. min), Berenguer (Unai Gomez, 78. min); eta Guruzeta (Maroan, 54. min).
1 - RCD Mallorca: Greif; Maffeo, Valjent, Raillo, Copete, Mojica; Mascarell (Dani Rodriguez, 72. min), Samu Costa, Darder (Morlanes, 72. min); Asano (Antonio Sanchez, 59. min) eta Muriqi (Larin, 85. min).
Golak: 0-1, 56. min: Raillo. 1-1, 58. min: Nico Williams.
Epailea: Alejandro Jose Hernandez Hernandez. Txatel horia atera die Athleticen Gorsabeli eta Ernesto Valverde entrenatzaileari; eta Mallorcaren Copeti, Antonio Sanchezi eta Raillori.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa