Athletic club
Europa Liga
EITB MEDIA
Athleticen aurrelariak bosgarren eta 45. minutuetan egin ditu golak. Garaipena lortuta, euskal taldeak, sei partida jokatuta, 16 puntu ditu, eta sendo dabil sailkapeneko lehen zortzi postuetako bat eskuratzeko lehian.
Iñaki Williamsek sartu ditu Athleticen bi golak, Fenerbahçeren aurka. Argazkia: EFE.
Athleticek Fenerbahçe mendean hartu du, 0-2, 2024-25 denboraldiko Europa Ligako liga faseko seigarren jardunaldian, Istanbuleko Sükrü Saraçoglu futbol zelaian, asteazken arratsaldean. Iñaki Williamsek sartu ditu euskal taldearen bi golak, bosgarren eta 45. minutuetan. Horrenbestez, Ernesto Valverderen taldeak 16 puntu ditu batuta, txapelketako sei partida jokatuta, eta, behin-behinean, sailkapeneko aurreneko postuan dabil. Zuri-gorriek oso indartsu jarraitzen dute sailkapen horretako lehenengo zortzi postuetako bat eskuratzeko lehian; izan ere, liga fasea lehen zortzien artean amaitzea saria dauka, final zortzinetarako zuzenean sailkatzea, alegia.
Ernesto Valverdek Agirrezabala aukeratu du hamaikakorako, Gorosabel irten da titular atzealdeko eskuinaldean, eta zelai erdian, Ruiz de Galarretarekin batera, Jauregizar atera da hasieratik. Fenerbahçek presio handia egin du lehenengo minutuetan, baina Athleticen erantzuna oso sendoa izan da, Bizkaiko taldeak 0-1ekoa egin baitu bosgarren minutuan. Gola Iñaki Williamsek lortu du, baina jokaldiaren meritua Gorka Guruzetari eman behar zaio; aurrelari donostiarra kontrol oso polita egiten saiatu da, pase luze batean, eta, jarraian, ezin hobeto baliatu du Akaydin atzelariak egindako pase txarra. Guruzeta, Livakovic atezainaren aurrean, eskuinera ireki du baloia, eta Williamsek sareetara bidali du.
Euskal taldea sendo zebilen eta nortasuna ari zen erakusten, Sükrü Saraçoglu futbol zelaian. 28. minutuan, Gorka Guruzeta, berriro ere, Fenerbahçeko atezainaren aurrean gelditu da, baina Livakovicek aldendu egin du jokalari zuri-gorriaren jaurtiketa. 37. minutuan, Nico Williamsek, belaunean mina hartuta, berdegunea utzi behar izan du, eta Alex Berenguer zelairatu da haren ordez. Müldürri, lehen zatiko azken txanpan, gutxigatik joan zaio kanpora jaurtiketa on bat, Turkiako taldeak ordura arte egindako erasoko jokaldirik onenean.
45. minutuan, Iñaki Williamsek area barruan jaso du baloia, eskuinaldean, Sancetek pasea eginda, eta, lehen zutoinera oso ondo jaurtiz, Athleticen bigarren gola sartu du. Gol ikusgarria izan da, indarrez beterikoa, eta egoera oso onean uzten zuen talde zuri-gorria, bigarren zatiari begira.
Vivian irten da, lesionatu den Yerayren ordez, atsedenaldiaren ostean. Athleticek ondo jarraitu du, indartsu zelai erdian, azkar ahal izan duenean. Berenguerrek eta Sancetek, 52. eta 63. minutuetan, gertu izan dute hirugarren gola; Fenerbahçek ez zuen amore ematen, baina hamar jokalarirekin gelditu da, 68. minutuan, Müldürri bigarren txartel horia atera baitiote.
Neurketako azken minutuetan, Athleticek ez du estutasun handirik izan garaipena bermatu eta Europa Ligan hiru puntu gehiago poltsikoratzeko. Nabarmentzeko moduko garaipena izan da, zuri-gorrientzat, Jose Mourinhoren Fenerbahçeren kontra lortutakoa. Beste behin, Athleticek berretsi du sasoi puntu oso onean dabilela.
Norgehiagoka bukatuta, Athleticek iragarri du Yerayk eta Nico Williamsek "kolpe bana" izan dutela. Hain zuzen ere, Yeray ez da zelaira irten atsedenaldiaren ostean "eskuin hankako bikian kolpea jaso" baitu, eta Nico Williamsek, ordea, "eskuin hankako belaunean kolpe handia" izan du. Bi jokalariak bilakaeraren zain daude.
Fitxa teknikoa
0 - Fenerbahçe: Livakovic; Osayi-Samuel, Djiku, Samet Akaydin (Caglar Soyuncu, 46. min), Mert Müldür; Ismail Yüksek, Amrabat, Tadic (Ünder, 73. min); Szymanski (Dzeko, 61. min), Saint-Maximin (Kahveci, 73. min) eta En-Nesyri.
2 - Athletic: Agirrezabala; Gorosabel, Yeray (Vivian, 46. min), Paredes, Yuri; Ruiz de Galarreta, Jauregizar (Prados, 67. min); Iñaki Williams, (Vesga, 84. min), Sancet, Nico Williams (Berenguer, 37. min); eta Guruzeta (Unai Gomez, 67. min).
Golak: 0-1, 5. min: Iñaki Williams. 0-2, 45. min: Iñaki Williams.
Epailea: Irfan Peljto (Bosnia-Herzegovina). Fenerbahçeko Müldür kanporatu du, bi txartel hori aterata, eta Amrabat (Fenerbahçe) eta Athleticeko Yeray, Unai Gomez eta Sancet zigortu ditu, txartel horia erakutsita.
Nabarmentzekoa: 50.000 bat zale izan dira Sükrü Saraçoglun; horietako 850 athleticzaleak izan dira.
Hurrengo zuzenekoak
18 | 20:00 - 22:30 | SASKIBALOIA | EuroCup: IDK Euskotren vs Charnay |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa