Alaves
EA Sports Liga
L. E. A. | EITB MEDIA
Siverak partidako ezustekoa eman du, Ayozerekin talka eginda konortea galdu baitu. Bere onera etorri ondoren, atezainari txartel gorria atera dio epaileak, jokaldi horretan bertan. Beste txartel gorria Antonio Blancok ikusi du.
Alaveseko jokalariak, goa ospatzen. Argazkia: Efe.
Alavesek urrezko hiru puntu lortu ditu EA Sports Ligako 27. jardunaldian, Vila-reali 1-0 irabazita, Manu Sanchezek 11. minutuan egindako golari esker.
Sivera atezaina neurketako protagonistetako bat izan da. Atezainak lesionatuta utzi du zelaia, eta horri esker egin du debuta Adrian Rodriguezek lehen taldearekin.
Coudeten taldeak ondo hasi du partida, eta hasiera on horrek saria izan du 11. minutuan. Manu Tenagliak erdiraketa egin du, eta Manu Sanchezek buruz errematatu du, Arabako taldea markagailuan aurretik jartzeko.
17. minutuan, Vila-realek berdinketa lortzeko aukera argia izan du. Korner bat labur atera dute, eta Baenaren erdiraketa itxiak Kike Garciaren buruan jo du, baina, zorionez, baloia kanpora joan da, langa laztanduz.
Marcelinoren taldeak aurrerapausoa eman du banakoaren bila. 23. minutuan, Pepek indarrez jaurti du, baina Siverak ondo harrapatu du baloia, eta 37.ean, Ayozek gola oso gertu izan du, baina Alaveseko atezainak erantzun bikaina eman dio horren erremateari.
Sivera protagonista izan da bigarren zatiaren hasieran, Ayozerekin talka eginda konortea galdu baitu. Atezaina areatik atera da Vila-realen erasoa eteteko, eta bi jokalariek elkarrekin talka egin dute. Zorionez, bere onera etorri da eta bere kabuz atera da zelaitik, hori bai, lesionatuta eta txartel gorria ikusita, areatik atera denean baloia eskuarekin ukitu duelako.
Egoera ikusita, Coudetek Cabanes kendu du zelaitik, Adrian Rodriguez ordezko atezaina ateratzeko. Rodriguezek debuta egin du Alavesen lehen taldearekin. Etxeko taldeak jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan du azken ordu erdia.
60. minutuan, Benaren jaurtiketa gora joan da, eta 64.ean, Gueyek aukera izan du gola egiteko, baina jaurtiketa kanpora joan zaio, gutxigatik.
Sufrimenduz betetako amaiera
Vila-realek hortzak estutu ditu berdinketaren bila, eta azken minutuak sufrimendu handikoak izan dira babazorroentzat. Gainera, epaileak 15 minutuz luzatu du norgehiagoka, eta txartel gorria atera dio zuzenean Antonio Blancori. Ondorioz, etxeko taldea bederatzi jokalarirekin geratu da.
Dena kontra izan arren, Alavesek hiru puntuak poltsikoratu ditu.
Fitxa teknikoa:
1 - Alaves: Sivera, Tenaglia, Mouriño, Abqar, Manu Sanchez (Diarra, 88. min), Blanco, Jordán (Vicente, 67. min), Cabanes (Adrian, 59. min), Carlos Martin (Garces, 67. min), Aleña eta Kike Garcia (Villalibre, 88. min).
0 - Vila-real: Diego Conde, Costa, Kambwala (Buchanan, 96. min), Foyth, Cardona (Pedraza, 71. min); Gueye (Barry, 71. min), Parejo, Pino (Comesaña, 86. min), Alex Baena (Suarez, 96. min), Ayoze eta Pepe.
Gola: 1-0, 11. min: Manu Sanchez.
Epailea: Ortiz Arias (Madrilgo Batzordekoa). Sivera eta Blanco kaleratu ditu, txartel gorria aterata (Blancori, bigarren horia atera ostean). Horrez gain, txartel horia atera die Alaveseko Adrian eta Diarrari eta Vila-realeko Pinori.
Hurrengo zuzenekoak
26 |
![]() |
SASKIBALOIA | Europe Cupeko finalerdia: Dijon vs Bilbao Basket |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa