Alaves
EA SPORTS LIGA
G. P. A. | EITB MEDIA
Babazorroak jarri dira aurretik markagailuan, Kike Garciak 40. segundoan gola sartuta. Osasunak bigarren zatian lortu du neurketari buelta ematea, baina Kike Garciak bigarrena egin du, gorritxoak hobeto ari zirenean.
Kike Garcia, Alavesen bigarren gola sartu ostean. Argazkia: EFE
Bina amaitu da Osasunaren eta Alavesen arteko derbia, Sadarren. Gorritxoak ziren faborito, baina Gasteizko taldea jarri da aurretik markagailuan, Kike Garciak lehen minutua bete orduko gola sartuta. Lehen zatian babazorroak izan dira nagusi, eta bigarrean, Vicente Morenoren mutilek askoz hobeto jokatu dute, emaitza irauli arte.
Alabaina, Kike Garciak bigarrena egin du, Osasunaren hirugarrena heltzear zegoela ematen zuenean; eta Antonio Sivera ere protagonista izan da, geldiketa erabakigarriak eginda. Horrenbestez, puntu banaketarekin bukatu da azkeneraino emozioa izan duen euskal derbia.
Alavesek ezin izan du hobeto hasi Osasunaren kontrako derbia: 40. segundorako aurretik jarri da markagailuan, Kike Garciak gola sartuta. Baloia zelai erditik jokoan ipini eta berehala, erasora joan dira babazorroak. Carlos Martinek erdiraketa bikaina egin du, eta Osasunaren jokalari ohiak gol ederra egin du, buruz.
Gol horrek ezustean harrapatu ditu gorritxoak, eta deseroso aritu dira lehen zatian. Baloiaren jabetza Osasunarena izan da, baina neurketaren kontrola Gasteizko taldeak izan du.
Partidako jokaldi polemikoa 30. minutuan gertatu da. Mouriñok kamisetatik heldu dio Budimirri, area barruan, eta Osasunako jokalariek penaltia eskatu dute. Epaileak ez du ezer adierazi, baina jokaldia monitorean berrikusi du, VAReko epaileak ohartarazita. Penaltia adieraziko zuela ematen zuen, baina ez du halakorik egin, aurrez Catenak falta egin duela argudiatuta. Erabaki horrek haserrea piztu du Sadarren.
Handik gutxira, Kike Garciak bigarrena sartu du, zartako ikusgarri batekin Sergio Herreraren ateari aramu-sareak kenduta. Alabaina, epaileak baliorik gabe utzi du jokaldia, jokoz kanpo egon delako.
Abisu horren ondotik, Osasuna berriro joan da berdinketaren bila. Alaves estutu dute lehen zatiaren azken txanpan, baina ez dute asmatu Siveraren ate aurrean.
Atsedenaldiaren ostean, gorritxoak askoz hobeto zelairatu dira, eta beste bizitasun batekin jokatu dute. Erasora joan dira lehen minututik, eta Catena gola sartzeko zorian egon da, baloia penalti puntutik indartsu jaurtita, baina Siverak sekulako geldiketa egin du berdinketa saihesteko.
Edonola ere, hurrengo jokaldian iritsi da Osasunaren gola. Catenak buruz errematatu du area barruan, Budimirrek hanka jarri du eta baloia sarera bidali. Oraingoan, Siverak ezin izan du miraririk egin: 1-1.
Zailena egin ostean, bigarrenaren bila joan da Nafarroako taldea, eta Ruben Garciak faltaz egindako golarekin irauli dute emaitza.
Denbora gutxian kolpe bikoitza jaso du Alavesek, eta partida erabat aldatu da. Alabaina, gorritxoak oldarraldi betean ari zirenean eta hirugarrena edozein unetan iritsiko zela ematen zuenean, Carlos Vicentek ezustean harrapatu ditu Osasunako defentsak, eta Kike Garciak behetik egin duen erdiraketa baliatu du binakoa egiteko.
Kike Garcia izan da partidako protagonista nagusietako bat, eta txaloka agurtu dute Sadarren bildutako zaleek, zelaitik atera denean. Harekin batera, Antonio Sivera atezaina ere erabakigarria izan da. Geldiketa garrantzitsuak egin ditu neurketa osoan, eta 86. minutuan, adibidez, 3-2koa ekiditea lortu du.
Azkenean, bina amaitu da derbia. Alavesek puntu baliotsua bereganatu du, Chacho Coudetekin aro berri bat abiatu duela kontuan hartuta. Osasunak, berriz, burumakur bukatu du, garaipenak ihes egin diolako neurketari buelta eman eta gero.
FITXA TEKNIKOA
2 – Osasuna: Sergio Herrera, Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz (Raul Garcia de Haro, 46. min); Moncayola, Torro (Iker Muñoz, 90. min), Aimar; Ruben Garcia (Kike Barja, 83. min), Budimir eta Bretones.
2 – Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar, Mouriño, Diarra; Carlos Vicente, Jordan, Blanco, Guridi (Protesoni, 89. min); Kike Garcia (Tony Martinez, 84. min), Carlos Martin (Rebbach, 67. min).
Golak: 0-1 Kike Garcia (min. 1), 1-1 Budimir (min. 54), 2-1 Ruben Garcia (min. 61), 2-2 Kike Garcia (min. 68).
Epailea: Cesar Soto Grado. Txartel horia atera die Osasunako Budimirri, Torrori, Aimar Orozi, Moncayolari eta Kike Barjari; eta Alaveseko Abqarri, Tenagliari eta Blancori.
Hurrengo zuzenekoak
18 | 20:00 - 22:30 | SASKIBALOIA | EuroCup: IDK Euskotren vs Charnay |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa