23:20

Europakoak 2019

Europako hauteskundeak

EAJk irabazi ditu hauteskundeak EAEn, eta EH Bildu bigarren indarra da

IKER GOMEZ / EITB.COM

Nafarroan PP izan da garaile, botoen % 25,02rekin. EH Bilduk hauteskundeak irabazi ditu Gipuzkoan eta Araban, eta Bizkaian eta Nafarroan bigarren indarra izan da.

1:52
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EAJk 207.918 boz lortu ditu Europako hauteskundeetan eta boto gehien jaso dituen alderdia izan da (% 27,46).

EH Bildu Herriek Erabaki koalizioan aurkeztu da eta botoen % 23,35 eskuratu ditu (176.779).

PSE-EEk botoen % 13,78 lortu ditu (104.377) eta hirugarren indarra da. PPk, berriz, 77.374 boto eskuratu ditu (% 10,22) eta Ahal Dugu bosgarren indarra da, botoen % 6,90 eskuratuta (52.268). Ezker Anitzak botoen % 5,58 jaso ditu (42.080) eta UPyDk, berriz, % 3,28 (24.866).

PPk eta PSEk beherakada handia izan dute

Datu horiekin, PPk eta, bereziki, PSE-EEk beherakada handia pairatu dute 2009ko hauteskundeekin alderatuta. Duela bost urte, EAJk botoen % 28,54 eskuratu zituen; PSE-EEk, % 27,78; ezker abertzaleak, % 21,63; PPk, % 16,03; EB-Bk, % 1,81, eta UPyDk, % 1,50.

Hauteskunde hauetan indarrez sartu da Ahal Dugu (Podemos) alderdia; izan ere, botoen % 6,90 eskuratuta, bosgarren indarra izatea lortu du.

Araban, demokraziaren historian lehen aldiz, ezker abertzaleak irabazi ditu hauteskundeak botoen % 19,56 eskuratuta. Gipuzkoan lehen indarra izan da eta Bizkaian, berriz, EAJ nagusitu da, EH Bilduren aurretik.

EAEn, PSE-EEk jasan du beherakadarik handiena, 2009an boto-emaileen % 23,78ren babesa izatetik % 13,78rena izatera pasatu baita. Beherakada bereziki nabarmena izan da Bizkaian; izan ere, 56.355 boto eskuratu ditu, duela bost urte 113.475 herritarren babesa jaso ondoren.

Alderdi Popularrak ere jaitsiera nabarmena izan du, ia sei puntukoa: 2009an botoen % 16,03 jasotzetik 2014an % 10,21 izatera pasatu da. Halaber, Carlos Iturgaiz ez da Europako Parlamentuan izango.

Euskal Herriko hamar ordezkari Europan

Emaitza horien ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko sei ordezkari joango dira Europara: PSOEren bi kide, UPyDko beste bi, EAJko bat eta EH Bilduko beste bat.

Izaskun Bilbao (EAJ), Josu Juaristi (EH Bildu), Ramón Jauregui eta Eider Gardiazabal (PSOE) eta Maite Pagazaurtundua eta Fernando Maura UPyDko kideak joango dira Europako Parlamentura. Carlos Iturgaiz popularrak bere eserlekua galdu du, zerrendan 17.a zelako (PPk 16 eskuratu ditu).

Nafarroako hiru ordezkari izango dira Europako Parlamentuan: PPko Pablo Zalba eta Antonio Lopez-Isturiz eta Iratxe Garcia sozialista.

Azkenik, Iparraldetik Michelle Alliot-Marie (UMP) joango da.

Emaitzak lurraldeka

Bizkaian, EAJk irabazi ditu hauteskundeak, botoen % 31,72 jasota (131.915 boz). EH Bildu Bizkaiko bigarren indarra da, botoen % 19,85 (82.563) lortuta. PSE-EEk botoen % 13,55 lortu ditu (56.355) eta, PPk, berriz, % 10,05 (41.820). Ahal Dugu alderdiak bosgarren tokia lortu du Bizkaian, botoen % 6,71 (27.918) eskuratuta. Ezker Anitzak botoen % 5,69 (23.685) jaso ditu eta UPyDk botoen % 3,14 (13.097).

Gipuzkoan, EH Bilduk jaso ditu boto gehien, % 31,24, 73.664 lortu baititu. EAJ izan da Gipuzkoako bigarren indarra, botoen % 24,56 (57.912) jasota. PSE-EEk botoen % 13,58 (32.021) eskuratu ditu, PPk botoen % 7,91 (18.665) jaso ditu eta Ahal Dugu alderdia lurraldeko bosgarrena izan da, botoen % 6,36 (15.009) bildu baititu. Ezker Anitza (% 4,98; 11.747), UPyD (% 2,96; 6.981) eta Equo (% 1,25; 2.951) dira hurrengo alderdiak.

Araban, aurrenekoz, EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak, botoen % 19,56 (20.697) jasota. EAJ da Arabako bigarren indarra, % 17,19 eskuratuta (18.191). PPk % 15,98 (16.907) jaso ditu; PSE-EEk, % 15,14 (16.020), eta Ahal Dugu alderdiak, % 8,84 (9.356). Ezker Anitzak % 6,29 (6.660) lortu ditu; UPyDk, % 4,52 (4.791), eta Equok, % 2,88 (3.052).

Nafarroako datuak

Nafarroan, Alderdi Popularrak irabazi ditu hauteskundeak, botoen % 25,02 eskuratuta (52.773), Barne Ministerioaren datuen arabera.

EH Bildu da Nafarroako bigarren alderdia, botoen % 20,15 lortuta (42.510).

PSOE hirugarren indarra da Nafarroan, 30.747 boto (% 14,57) eskuratuta, eta Izquierda-Ezquerrak 20.089 boto jaso ditu (% 9,52).

Ahal Duguk beste alderdi batzuk baino emaitza hobeak izan ditu, 19.784 boto (% 9,37) lortu baititu.

UPyDk 9.655 boto (% 4,57) jaso ditu, eta EAJ zazpigarren indarra da Nafarroan, 5.324 boto (% 2,52) eskuratu ondoren.

Iparraldea

Emaitza ofizialei dagokionez, UMP izan da alderdirik bozkatuena Pirinio Atlantikoetan, botoen % 18,80 eskuratuta. Marine Le Penen Fronte Nazionalak hautesleen % 16,53ren babesa jaso du, eta François Hollande presidente sozialistaren Alderdi Sozialista hirugarren postuan gelditu da (% 15,57). MoDem-UDI alderdiak botoen % 14,62 eskuratu ditu, EELVk % 11,45. FDGk % 6,79, Nouvelle Donnek % 3,53, PNBk % 3,28 eta Debout la Republiquek % 2,97.

Ipar Euskal Herriko lau hiri nagusietan UMP izan da alderdi bozkatuena.

Baionan UMP alderdiak botoen % 22,6 eskuratu ditu. Fronte Nazionalak bigarren indarra izatea lortu du botoen % 14,7 lortuta, sozialisten (% 12,8), eta berdeen (% 12,5) aurretik.

Miarritzen, UMP nagusitu da botoen % 26,46 eskuratuta. Fronte Nazionalak bigarren postua lortu du (% 13,94) eta sozialistak laugarren indarra izatera igaro dira (% 12,21) MoDem alderdiaren atzetik (% 13,62).

Angelun ere UMP alderdia izan da garaile (% 22,6) eta bertan sozialistek bigarren indarra izatea lortu dute (% 14,77). Fronte Nazionalak, bestalde % botoen % 14,25 lortu ditu.

Azkenik, Donibane Lohizunen UMPk hautesleen % 28,54ren babesa jaso du, Fronte Nazionalaren (% 12,64) eta sozialisten aurretik (% 11,29).

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena